A. ARRUTI DONOSTIA

Irati Irratiak bazkideak omenduko dituen Irratiaren Eguna ospatuko du bere 20. urteurrenean

Kinka larrian egon denean ere aurrera jarraitzeko bultzada eman dioten bazkideak omendu nahi ditu Irati Irratiak. Abenduaren 7an ospatuko dute Irratiaren Eguna, azoka, tailer eta Pirineo Rock jaialdi eta guzti.

Bi hamarkada bete ditu Pirinioetako Irati Irratiak. 1993an ekin zion bere bideari eta tartean, arrazoi teknikoek bultzatuta eta Madrilek lizentzia ukatuta, isilune bat ere izan zuen, baina 2009an indarberrituta itzuli zen Euskarabideak emandako diru laguntzekin lizentzia eskuratu eta aparailu berriak ipinita. Nafarroako gobernuaren laguntza ekonomikoa kendu dieten arren, aurrera jarraitzen dute: «Urte hau oso erabakigarria izan da irratiaren etorkizuna marrazteko, kinka larrian egon baita Nafarroako gobernuko diru laguntzak desagertu zirenetik. Bide honetan, ezinbesteko bultzada izan da bazkideek komunikabidearen alde egin duten apustua», azaldu zuten atzo Idoia Zabaltzak, Irati Elkarteko sortzaileetako batek, eta Arkaitz Almortzak, Irati Irratiko kazetariak, Iruñean egindako agerraldian. Momentu honetan, 176 bazkide dituzte, 17 iragarki eta 10 udal kontzejuren babesa. Programa propioa Arrosa irrati sareko irratsaioekin osatzen dute.

Bazkideen babes hori eskertzeko, abenduaren 7rako egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte. 10.00etan suziria botako da herri bakoitzean eta ondoren Aezkoa bailarako Garralda herrian jarraituko du jaiak. 10.30ean zabalduko da merkatua, Pirinioetan lan eta bizi diren herritarren lana ezagutzera emateko helburuarekin. Ondoren haurrentzako jolasak eta tailerrak egingo dira eta 13.30ean, bazkideei omenaldia.

Herri bazkaria egingo dute omenaldiaren ondotik. Txartelak salgai daude hainbat ostatutan, edota irratira deituta. Bazkalostea girotzeko, bingoa, bertsolaria eta kantautorea iragarri dituzte. Arratsaldean, pilota txapelketa, graffiti tailerra, triki-poteoa eta pintxo-potea egingo dira herrian.

Egunari amaiera biribila emateko, Pirinio Rock jaialdiaren 3. edizioa ospatuko da. Bertan izango dira Akort, Akaskarla, Eztanda, DJ Tulubio, Fiemo eta Victimize taldeak. Sarrerak bost euroan jarriko dituzte salgai.