Atsedenaldiaren ostean, oholtza gainera igotzeko prest dator Kauta, «Agerre» disko berriarekin

Indarberrituta dator hirukote andoaindarra. Hamaika kantez osatutako lan berri honek bira bati hasiera emango dio. Sorkuntza helburu izanik, doinu lasaiak zein gogorrak nahasten dira bertan.

Kauta talde andoaindarra taula gainera igoko da berriro lau urteko atsedena egin ostean. Musikatik ez dira gehiegi aldendu, ordea, eta bestelako proiektuetan ibili dira. Orain «Agerre» (Baga-Biga) disko berriarekin datoz Mikel Moreno, Adrian Elustondo eta Gorka Mendizabal.

Honakoa hirukotearen laugarren lana da, eta aurreko lanetan bezala, erritmoak nahastu dituzte. «Influentzia asko ditugu eta gure egoera pertsonalak ere asko eragiten du. Kontatu nahi dugunaren arabera baladak edo kantu kañeroak egiten ditugu -azaldu zuen Mikel Moreno abeslariak- abesti lasaiak gai pertsonalak jorratzeko erabili ditugu eta doinu gogorragoak kritika soziala egiteko, adibidez».

Ritxi Aizpuru argitaratzailearen ustez, berak doinu lasaiagoak nahiago baditu ere, Kautaren berezitasuna ahotsa da, «berdin du zein erritmotan». Bere esanetan, Kautaren helburua sormena da. Morenok ere ideia horrekin bat egin zuen diskoaren aurkezpenean; azken urteetan egindako kantak alde batera utzi eta zerotik hasi ziren.

Euren gustuei jarraitu dieten arren, ingurukoen gomendioak ere kontuan izan dituzte eta honela erabaki zuten haize musika tresnak erabiltzea zenbait kantatan. «Tronboiak, tronpetak eta pianoa gehitu dituzte -adierazi zuen Aizpuruk- eta falsettoa erabili dute. Euskal Herrian gutxi dira falsettoan abestera ausartzen direnak». Morenoren arabera, falsettoaren zein tronpeten erabilera zenbait kantu zehatzetan ondo ematen zutelako gehitu dute, eta ez halabeharrez sartu nahi zituztelako.

Hirukotea direnez, gitarra, bateria eta baxua besterik ez dituzte taula gainean. Hala ere, diskoko musikalitatea mantentzeko ahaleginak egingo dituzte, eta agian sintetizatzaile baten bidez imitatuko dituzte haize instrumentuen doinuak.

Diseinu zaindua

Aurreko diskoetan diseinua zaindu dute, eta oraingoan ere esfortzu berezia egin dute lan horretan. Horretarako, Jon Juarez ilustratzailearen laguntza izan dute. «Diskoa entzuteko esan genion eta horren arabera marrazkiak egin zituen», aipatu zuen Morenok. Horietan ur azpiko Euskal Herri apokaliptiko bat irudikatu zuen, kantek nostalgia transmititzen ziotelako.

Era berean, portadako irudi bitxia Kautak entseatzen duen baserriaren irudikapena da, parte gorria taldea bera den bitartean. «Agerre» izenak ere leku berari egiten dio erreferentzia, entsegu lokalak izen hori baitu. «Omenaldi bat egin nahi izan diogu», aipatu zuen abeslariak.