GARA

Eleak-ek elkarretaratzea antolatu du Iruñean Ateak Ireki-ren alde

Eleak Mugimenduak Ateak Ireki-ren eta adierazpen askatasunaren alde biltzeko deialdia egin die herritarrei, Iruñeko Udaletxe plazan, bihar 19.00etan. Auzitegi Nazional espainolak azaroaren 13an Ateak Ireki web orria ixtea erabaki izana salatuko dute.

Herri mugimenduaren ahotsa bermatuko duten komunikazio proiektuak eraiki eta babestera animatu dute jendea agiri batean, eta Ateak Irekiko lagunei animoak eta eskerrak eman dizkiete egindako «bide eredugarriagatik». «Ziur gaude berandu baino goizago karrikan eta sarean berriz ere eginen dugula topo», diote itxaropentsu.

Proiektu honek egindako lana oroitu dute, hala nola «CAN auzia» gizarteratzean, greben jarraipenetan, sanferminetako ikurrinaren making off-a azaltzean eta Villabesaren entzierroko polizia jazarpena erakustean eta Luis Goñiren atxiloketan egindako jardunaldi osoko kontaketan.

Bestetik, Estatu espainolari zuzentzen dizkiote hitz batzuk, erranez demokratikoa deritzon edo bide horretan dagoen estatu batek ezin duela adierazpen askatasuna etengabe zapaldu.

Herriaren bozgorailu

Eleak-ek gogoratu duenez, «dokumentu polizialak oinarri bakar hartuta eta Herrira mugimenduaren jarduerekin duen ustezko lotura aitzakiatzat» jarrita itxi zuten Ateak Ireki. «Argi utzi nahi dugu, eman ditzaketen arrazoi hutsal guztien atzetik, oro har Euskal Herriko eta batez ere Nafarroako herri mugimenduaren ahotsa isilarazteko saiakera egon badagoela», salatu dute.

Herri ekimen eta eragileen bozgorailua izan da proiektua bi urteotan, «bertsio ofizialak soilik» islatzen dituzten «ohiko mass mediek jasotzeko betarik ez duten ahotsak» bildu eta zabaldu dituena. «Uste dugu herri honen historia, herritarron historia guk geuk kontatzeko ardura dugula», erran izan dute Ateak Irekikoek. Bere egin ditu hitz horiek Eleak-ek.