Xabier SILVEIRA
Bertsolaria
JO PUNTUA

Lehenak oraina

Bertsolari txapelketa den eromenaren irrispilean, gutxik imajina ditzaketen baliodun aktoreak dira protagonista. Bizitza hamabost bertsotara jokatu, galdu, eta biharamunean irribarreari eusteko adinako maitasun eta begirune transmititzeko gai diren pertsonak

Sevilla. Dena berdin, guztiak berdintsu jarraitzen dugu. Eurak, herri bati, amets bati, proiektu politiko bati, bizitza opari eman izanaren odolkiak ordaintzen. Gu, gakoari ihesi. Eta ni neure burua gakotik zintzilik jarri nahian dabilenaren saiakera traketsenak akats ttikienik ere gabe gauzatzen. Ederki gara!

Bihoa gosea para bellum egin dutenentzat besarkadarik estuena. Ez dute jaterik izango baina nago ez litzatekeela janaria une gero eta latzago hauetan gehien estimatuko luketena, Gerrarik gabe ere, bakerik ez, itxuran. Nik hamabost egunez jarraian egin nuen baraualdia behin, lehenengoz herri plataformak legez kanporatu zituzteneko garaian. Nik neronek Atano pilotalekuan proposatutako ekimena, portzierto. Ordurako, nonbait, banuen beste modurik bazenaren nozio ttikiren bat. Orduan ez zuen inork nahasi garai haietan hobetsia zen moldearen aurkako emendakin balizko batekin. Ez dakit orain alderantzizko ustea zergatik ote den, baina tira. Sevillan ez dute laugarren astean sartzeko aunitzik falta eta barruak ez du apenas ezertan baldintzatu kanpoa. Elkartasun keinuak animatuko dituzte, gutxiago edo gehiago, baina hortik aurrera...

Nik ere, hemendik aurrera, datozen lerroetan hitzentzat egindako ziegak nahiago hizpide. Pixak bustitako maindire, argi itzaliak lo eza dakarkionaren korridore... Betikoa, bertutearen estandartez aiduru diren barkatu baina guztien arrago izateko asmoei eutsi, zer bestela?

Bertsolari txapelketa-z. Bi hitz horiek elkarren jarraian ordena honetan jarriz gero, ulertzen dena -dagoeneko ez- ez da bertsolariak neurtuko dituen lehia. Ulertzen dena txapelketak antolatzeko modu bertsolaristikoa da. Txapelketaren kontzeptu berri bat, alegia. Beste lehia inolakoetan erabiltzen ez diren faktore eta balioz gauzatzen dena. Batzuk aipatzearren pena, izena, zarena, zinena, naizena, dezakeena, zezakeena... Guztiok izena eman genuenean ez genekienik gutxi, egiari zor. Baina egiak, egin, ez du ezer arrunt egiterik.

Parte hartzaileari gerta dakiokeen onentsuena bere buruaz beste egitea da, erran nahi nuke, subjektibotasunaren gainetik dezente hegan eginez lur hartzea. Saio txar-txarra egin eta kontziente izatea, beraz. Askatasun doinuak txistukatzen ditu epaileari zigortu edo ez aukerarik uzten ez dionak. Baina guttitan gertatzen da norberari gutiago gustatzea bere lana aurrean dituenei baino. Askotan alderantzizkoa. Denak errealitate ber-berean emanik, simultaneoki, gutxienez arraroa bada.

Hori du hitza zenbakiz neurtu nahiak ondorio; hitzarentzat ez baitu, dirudienez, hitzak balio.

Beste guztirako dituen balioei erabilera eman beharko, ezinbestean. Bihotza betean. Aurrekoaz gain, bertsolari txapelketa den eromenaren irrispilean, gutxik imajina ditzaketen baliodun aktoreak baitira protagonista. Bizitza hamabost bertsotara jokatu, galdu, eta biharamunean irribarreari eusteko adinako maitasun eta begirune transmititzeko gai diren pertsonak. Batzuk peto gorriz -eskermile Haritz- besteak jefexeago -torrotxoago?- eta guztietan jefe Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Iñaki Murua. Milesker benetan, guztiagatik. Plazer haundia izan da.