GARA

3.300 ekarpenetik gora, Gipuzkoako autobus zerbitzua hobetzeko

Gipuzkoako autobus zerbitzua hobetzeko prozesuan 3.300 ekarpenetik gora jaso ditu Aldundiak bileretan izan diren 1.050 lagunen eta galdetegiak bete dituzten 2.255 herritarren eskutik. Herrialdean inoiz egin den parte-hartze prozesurik handiena izan da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko autobus zerbitzua hobetzeko abiatu zuen prozesuaren lehen faseak eman du berea. Hala, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, Unai Erroitzenean Mugikortasun zuzendariak eta Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzako zuzendariak. Guztiaren gainetik datu bat nabarmendu zuten: 3.300 ekarpenetik gora jaso dira lehen fase honetan autobus zerbitzua hobetzeko.

Gipuzkoako 56 herrietako herritarren iritzia jasotzea zen lehen fase honen helburua, eta batez ere, hura hobetzeko egiten zituzten proposamenak bildu nahi izan ditu Aldundiak. «Harrotasunez esan dezakegu helburua lortu dugula eta oso pozik gaude parte-hartze prozesuak eman dituen emaitzak ikusita», adierazi zuen Ugartek. Guztira 1.050 lagunek hartu dute parte bileretan eta 2.255 galdetegi jaso dituzte.

Baina datu hutsez harago, jasotako ekarpenen balioa azpimarratu zuen Ugartek. «Herritarrek egindako lana oso interesgarria izan da. Prozesu hau ez da, inondik inora, kezka bilketa bat izan, ekarpen bilketa izan da, eta ekarpen oso onak jaso ditugu», nabarmendu zuen.

Proposamenen irakurketa

«Badira eskaera orokor batzuk eta gero eskualde edo eremu bakoitzak baditu berezitasunak». Modu horretan laburbildu zuen Erroitzeneak jasotako proposamenen inguruko irakurketa. Proposamen orokorrei dagokienez, autobus zerbitzuen inguruko informazioa hobetu beharra dagoela adierazi dute erabiltzaileek eta asko izan dira autobusen arteko lotura hobetzearen aldeko eskaera egin dutenak. Asteburuetan gauetako zerbitzua hobetzeko ere eskatu dute eta geltoki zehatz batzuen inguruko kezka ere agertu dute.

Eskualde edo eremu zehatzei buruzko datuei dagokienez, autobusen ordutegia areagotzeko, hauek jende fluxuaren arabera egokitzeko eta eskualde buruetarako lotura hobetzeko eskatu dute erabiltzaileek. Urolari dagokionez, adibidez, Bilborekiko eta Zarautzekiko loturak hobetzeko eskatu dute, eta Goierriri dagokionez, herri txikietan oso zerbitzu gutxi dagoela salatu dute.

Ruiz de Larrinagak parte-hartze datuen inguruko irakurketa kualitatiboa egin zuen, eta besteak beste, Aldundiak egin duena politika publikoak herritarrekin egiteko adibide «eredugarria» izan dela esan zuen. Era berean, Gipuzkoan herritarrekin inoiz egin den parte-hartze prozesurik handiena izan dela adierazi zuen, baita berau anitza izan dela nabarmendu ere.