Ainize BUTRON BAIONA

Erdi-askatasuneko zentroen disfuntzioa salatu du OIPk, gazte bat zendu ondoren

Olivier M. gaztearen gorpua duela bi hilabete aurkitu zuten Aturri ibaian, bere buruaz beste eginda. OIPk eta abokatuak salatu dute hilketa horretan presondegietako administrazioak erantzukizuna duela.

Herenegun presondegietan hildakoen eguna zela-eta, Gabi Mouesca OIPren (Presondegien nazioarteko behatokia) izenean eta Mathieu Oudin abokatua egun seinalatu horretaz baliatu ziren, Olivier M. gaztearen kasuaz ohartarazteko. Hain zuzen, bere buruaz beste eginda, Baionan, Aturri ibaian aurkitu zuten gaztea, irailaren 27an.

Presondegiek norberaren «desegituraketa» eragiten dutela nabarmendu zuten agerraldian. Olivier M.-k hemezortzi urteko espetxe zigorra jaso zuen 20 urte zituela, hilketa bategatik.

Hamabi urteren buruan, zigorraren egokitzapena lortu zuen eta erdi-askatasuneko erregimena jarri zioten. Baionako zentroan betetzea erabaki zuen. Kontulari izateko ikastaro bat hasi zuen, baina zentro hartan gizarteratzeko bidea hartzeko «zailtasunak» izaten hasi zen.

«Zentro horiek ez dira egokituak. Egungo presondegiaren zati bat arramoldatu dute erdi-askatasuneko zentroak jartzeko, baina, ibilmoldearen aldetik, espetxearen araudi berdinak indarrean dira», salatu zuen Mathieu Oudin abokatuak.

Presondegi zentralean ez bezala, egunero biluztu eta gorputza miatzen zioten Olivier M.-ri. Horrekin hasi ziren lehen «umiliazioak», gazte horren «insertzio proiektua kolokan jarriz». Presondegian 20 urterekin sartu zenez, presondegitik kanpo «pertsona heldu baten bizimodurik ez zuen sekula ezagutu», abokatuak nabarmendu zuenez. Gorputzaren miaketa epaiketa bati esker gelditzea lortu zuen abokatuak, baina autonomiaren bidea hartzeko beharrezkoa den sostengu eta laguntza ez ziotela sekula eman salatu zuen.

Gainera, bere ikastaroa bukatu ondoren, zigor aplikaziorako epaileak mehatxatu zuen lan kontratua lortzen ez bazuen berriro ere espetxeratuko zutela esanez. «Egoera horrengatik Olivier Mek Aturri ibaian itoz bere burua hil du», salatu zuten abokatuak eta Gabi Mouescak. Gertakari horretan, espetxe administrazioa hobendun dela salatu zuten bi hizlariek.

Presondegien Kontrolatzaile Orokorrak 2012an zabaldutako agirian zentroetan indarrean diren «mota askotako murrizketak» salatzen zituen. Informazio hori eskuetan zutela, Baionako espetxeko zuzendariari, zigor aplikaziorako epaileari, eta harago, frantses Justizia ministroari agirian azaldutakoa kontuan hartu ez izana leporatu zien abokatuak. «Legea aplikatua izan balitz, eta kontrolatzailearen iritzia kontuan hartua izan balitz ez ginatekeen egungo egoeran. Presondegiak suntsitu du, eta, egungo sistema juridikoak hilketara eraman du», ondorioztatu zuen.

Legez kanpo

Baionan gertatutakoa ez da kasu berezia, gaur egun, Estatu frantseseko erdi-askatasuneko zentroetan dagoen ibilmolde orokor baten adibidea baizik. Zentro horietan indarrean diren araudiak 2009a geroztik legez kanpo dira. «Instituzioaren bortizkeria onartezin baten aitzinean gaude», gehitu zuen abokatuak. Urtero, presondegietan ehun eta 120 pertsona artean hiltzen dira beren buruaz beste eginez, Mouescak gogoratu zuenez. «Espetxeetan kanpoan baino zazpi aldiz kasu gehiago daude», gaineratu zuen.