IKUSMIRA
IKUSMIRA

Gizon umil eta handia, Euskal Herriaren laguna

Apaiz katolikoa zen, Irlandan beste asko legez, baina gutxi bezain ezaguna Euskal Herrian. Alec Reidek oso lan garrantzitsua egin zuen Ipar Irlandako bake prozesua sustatu eta garatzeko, ezinbesteko zubi lana. Baina bakearen, askatasunaren eta justiziaren aldeko lan hori ez zuen Irlandako konponbide prozesura mugatu. Izan ere, bere herriarentzat nahi zuena gainerako herrientzat ere nahi zuen, eta betiere elkarrizketa eta elkar ulertzea aldarri, Euskal Herriko gatazkaren konponbidea xede ere bere ohiko lan isil bezain garrantzitsua eskainita esku hartu zuen. Bere eskarmentu baliotsua ekarri zuen, baita itxaropen mezua ere, oztopo ugari eta handiak gainditzen ohituta dagoenaren ahoan balio handia duena. Jakitun zen Gobernu espainolaren jarrera ez dela gobernu demokratiko batena, eta hala esan zuen konponbide prozesuan buru-belarri ari ziren militante abertzaleen atxiloketen aurrean. Hala ere, berak bultzatu zuen prozesu irlandarrean bezala, irtenbide demokratikoari eutsi beharra nabarmendu zuen, akordio demokratikoa lortuta denek irabazten dutela sinetsita.

Horregatik zen ezaguna Euskal Herrian. Eta horregatik izango da gogoratua gizon umil hori. Gizon umila baina lan handia egiteko gai, erakutsi zuen bezala. Gizon umil eta handia galdu du Irlandak, lagun handia Euskal Herriak.