Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Intolerantea bestea da

Horrelakoak gertatzen dira jendea ez delako instituzionalizaturik dagoen arrazakeriaz eta xenofobiaz, hots, beren arrazakeriaz eta xenofobiaz ohartzen. Ingelesa beste hizkuntzarik ez dakien batek esango dizu zeure herrialdea intolerantea dela dokumentu ofizialak ez dituelako ingelesez eskaintzen. Gure herrialdean jadanik nahikoa gatazkarik ez balego bezala dokumentu ofizialak hizkuntza gainartzailean ez ezik hizkuntza gutxituan ere sortzeko orduan.

Ingelesa lingua franca den honetan, nola azaldu ingelesa nagusitu izanaren arrazoiak (inperialismoa, inperialismoa eta... inperialismoa) nagusitasun hori berori naturaltzat duen bati? Are gehiago, nola azaldu bidegabekeria eta intolerantzia kontzeptu horiek beroriek bere zilbor nazionalistatik ulertzen dituen bati?

Nola sartu buruan leihotik erorita hil zen umearen ama hegoamerikarra zela idatzi zuen kazetariari azken datuak, amaren jatorriari buruzkoak, ez diola albisteari ezer gaineratzen (ez dio, inondik inora ere, arrazoirik ez duen tragediari azalpenik ematen), aitzitik askok aitortuko ez dituzten baina izan badituzten aurreiritzi arrazistak elikatzen dituela?

Noizko euskaldunek atzerrian egindakoak modu etikoan azaltzea, «esploratzaile», «abenturazale», «immigrante» bezalako eufemismoak alde batera utziz eta beste herri, komunitate, giza-talde, gizabanakoei eragindako mina aintzat hartuta? Noiz utziko diogu besteei eragindako mina norberak jasandako minaren bitartez arrazoitu eta isilarazteari? Batek nahi du pentsatu ez duela inoiz gaizkirik egin, ezer izatekotan biktima dela bera, ez borreroa. Baina ez da hala suertatzen beti.