Hasier ARRAIZ
Sorturen Kontseilu Nazionaleko koordinatzailea
GAURKOA

Santi eta Josuri

Espainiar Estatuaren gerra zikinak hil zintuztenetik 29 eta 24 urte igaro direnean, Euskal Herrian oraindik eztabaida politikoa askatasunez egiterik ez dagoela egunotan berriro nabarmendu da. Duela 35 urte Ezker Abertzaleak haustura demokratikoaren aldeko hautua egin izana gaitzestea nahi dute, guk egindakoa gaitzestea ez ezik, beraiek guri egindakoa txalotzea ere nahi dutelako. Baina, Santi, Josu, zuek orduan bezala Sortuk grinaz eta kemenez jarraituko du eztabaida politiko oro -hori ere bai- noizbait askatasunez egitea ahalbidetuko duen marko demokratikoa eraikitzeko lanean.

Ez naiz, halere, horretan geldituko, ez baitugu Madriletik datorren haize ultraeskuindarraren arabera gure jarduera politikoa ardaztu nahi. Gaur, burkideok, zuen borroka alferrik izan ez zela adierazi nahi dizuet eta horretarako egun zertan gauden kontatzea besterik ez dut, zeren eta zuek orduan egiten zenituzten aldarrikapen nagusiekin gaur egun euskal gizartearen gehiengo zabalak bat egitea lortu baitugu.

Nola kontatu, ordea, gure bizitzetatik inoiz ez, baina mundu honetatik 24 eta 29 urtez kanpo egondako bi kideoi zertan gauden, Euskal Herrian gauzak nola dauden. Postal batean idatzi beharko banizue, halaxe laburtuko nuke: hiru ustekabe eman behar dizkizuet, 1) ETAren jarduera armatua amaitu da. Baina ez gara oraindik bakean bizi. 2) Kapitalismoa krisian dago, baina ez dakigu norantz doan eredu sozioekonomikoa. 3) Espainiar Estatuaren lurralde eredua haustear dago, izan ere, datorren urtean independentziaren aldeko kontsulta izango ei da, baina ez dugu Euskal Herrian egingo, Katalunian baizik.

Lehenengo ustekabea: ETAren jarduera armatua amaitu da. Baina ez gara bakean bizi. Bai, duela bi urte ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki zuen, Aieten nazioarteko komunitateko zenbait ordezkarik plazaratutako Adierazpenari erantzunez. Espainiar Estatuak ez du harrezkeroztik aurrerapauso bat ere egin. Espetxe politika are gehiago gaiztotu egin du eta ezker abertzalearen aurkako jazarpenak gorantz egin du.

Bi urte beranduago gatazka politikoak bere horretan jarraitzen du, haren oinarria beti espainiar Estatuaren izaera antidemokratikoa izan delako eta orain ere horixe bera delako. Espainiar Estatuak ez du gatazka politikoa era demokratiko batez konpondu nahi. Estatuak ez du, duela 35 urte bezala, eskaintza demokratikorik. Badago irtenbiderik, ordea: Euskal herritar gehiengoaren indarrez eta nazioarteko komunitatearen laguntzaz bere gogoz kontra aurrerapausoak egitera behartzea.

Bigarren ustekabea: kapitalismoaren krisia. Eta hala ere, ez dakigu eredu sozioekonomikoa norantz bilakatuko den. Gauza jakina da kapitalismoaren krisia aspalditik datorrena, baina kapitalismoak sekulako gaitasuna erakutsi du beti egoera berrietara egokitzeko. Azken hamarkadetan neoliberalismoak hauspotu zuen kapitalismo espekulatibo eta finantzarioak merkatua bera amildegira eraman du, eta orain, krisiaren aitzakian, botere ekonomikotik inoiz egin den oinarrizko eskubideen murrizketarik handiena burutzen ari da, botere politikoaren konplizitatez. Bertan, bi joera ditugu nagusi, bata, Bruselatik eta Madriletik datorkiguna onartu eta ahal den eran gure egoerara moldatzea, eta bestea, egungo eredu sozioekonomiko honetatik bertatik bertara erabakiz eredu alternatibo baterantz trantsizioa egitea. Lehenengoa erosoagoa da, Europatik datorren korrontearen aldekoa baita, baina gu onartzeko prest ez gauden prezioa dauka: euskal gizartearen zati handi bat -herritar asko, alegia- eskubiderik gabe utziko du, de facto euskal gizartearen baitan bi gizarte sortuz. Alternatiba sortzea beti zailagoa da, korronte askoren aurka egin behar baita, baina ikuspegi etiko batetik ere aukera onargarri bakarra da.

Hirugarren ustekabea: espainiar Estatuaren eredua jota dago. Independentziaren aldeko herri kontsulta, ordea, Katalunian izango da. Berrogeita hamar urteko borrokak ondorio ugari utzi ditu. Ondorio politiko nagusia da asimilazio saiakera guztiak egin badituzte ere, Euskal Herriak bere buruaren jabe izan nahi duen Herri gisa bizirik irautea. Gainera, independentismoa gero eta indartsuago dago.

Azken urteetan estatu ereduaren inguruko eztabaida zabaldu da Espainian. Autonomi- estatu eredua garestiegia izanda, ez omen da gaur egun jasangarria, baina zentralizazioari ekinez gero, nola eutsi Kataluniari eta Euskal Herriari? Katalunian Espainiari lotuta hondamendia beste irtenbiderik ez dutela jabetuta, independentismoa sozialki hegemoniko bilakatu da.

Euskal Herrian aldez aurretik bi korapilo nagusi askatu behar ditugu: gatazkaren ondorioen -presoak etxera ekarri, hain zuzen- eta lurraldetasunaren auzia. Azken hau konpontzeko lehenengoz eta behin, ezinbestean, Nafarroako indar harremana aldatzea lortu behar dugu eta bide horretan gaude. Ondoren, Nafarroako izaera eta egoera aintzat hartuko dituen Hego Euskal Herrirako ibilbide-orria egiteko (eta garatzeko) baldintzetan egongo gara. Noski, bitartean erabakitze eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzen jarraitu behar dugu.

Hemendik aurrera, norantz?

Zuek, Santi eta Josu, ezagututako erreferentzia bat baliatuz, Silvio Rodriguezen hiru anaien kanta haren protagonista bezala ezker abertzalea estrabiko samar irudikatzen dut. Begi bat hemen, gertu, marko demokratikoa sortzera begira. Begi hori gatazkaren ondorioak konpontzera begira, preso guztiak lehenengoz Euskal Herrira eta gero etxera ekartzera, oinarrizko eskubide demokratikoak bermatzera, proiektu politiko guztiak baldintza berdintasunean lehiatzea ardatz duen egiazko elkarbizitza demokratikoa sortzera begira jartzen dut. Beste begia, ordea, hurrengo eszenatokiei begira, sortuko diren egoera berriei aurrea hartzera, independentziari begira, alegia. Baina bi begiak jadanik lanean, egungo eta biharko eszenatokien arteko igarobidea marraztuz.

Herri honentzako garrantzitsua izango den une batera hurbiltzen ari gara. Han dago Eskozia eta hor Katalunia. Gure momentua ere hurbiltzen ari da. Halako trenak ez dira urtero estaturik gabeko nazioen geltokitik igarotzen eta igarotzen direnean gutxitan gelditzen dira. Erabakitze eskubidearen trena hurbiltzen ari da, baina Euskal Herrian gelditzea bakarrik lortuko dugu bertatik bertara gizarte gehiengo berriak eraikiz. Horretarako ez da momentuz seguru asko ibilbide-orri bakar bat izango, horretarako ez da Lizarra-Garaziko argazki gaurkoturik egongo, besteak beste, Sabin Etxeko eliteak gaur-gaurkoz halakorik nahi ez duelako. Ez da ezker abertzalearen borondate politiko faltarengatik izango, baina Sabin Etxeko elite hori erosoago dago egoera honetan, hots, egoera hau ahalik eta gehien luzatuz, euskal herritarrentzako eskaintza estrategikorik ez daukalako. Horregatik Sabin Etxeko elite horrek mesfidantzaz eta porrot egiteko gogoz begiratzen dio Katalunian gertatzen ari den prozesu independentistari. Bere miseriak are ageriagoan uzten dituelako.

Gure itxaropena euskal gizartea bera da, euskal herritarrak, hain zuzen ere. Espainiar Estatuak ez digu ez orain, ez beranduago ere, gure etorkizuna Herri gisa libre eta demokratikoki erabakitzen utziko. Guk geuk Herri gisa askatasunari heldu beharko diogu. Euskal herritar bakoitzari bere bizimoduaren eta egoeraren arabera independentista izateko arrazoi bat gutxienez emateko gai izan behar dugu. Hala, haiekin batzen gaituena bilatu eta handik gora eraikitzen hasi behar dugu. Askatasunaren ibilbide-orria marraztu eta ibiltzen hasteko hamaika, ehunka euskal bide martxan jartzea behar dugu. Herri, eskualde, lan esparru bakoitzean Euskal Bide bana, hala, ehunka euskal bide horiek Euskal Bidea osa dezaten. Ehunka Euskal Bide Euskal Herrian Lomce ez aplikatzeko eta hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko, ehunka Euskal Bide euskararen egoera normalizatzeko eta erabilpena suspertzeko, ehunka Euskal Bide makroazpiegiturak geldiarazteko eta oinarrizko eskubide sozialetan inbertitzeko, ehunka Euskal Bide gatazka politikoa behin betiko konpontzeko...ehunka Euskal Bide burujabetza osoa lehenbailehen eskuratzeko. Euskal Herriaren independentziak EH Bilduk ez dituen milaka eta milaka militante behar ditu, baina bakarrik EH Bilduren inguruan bildutako ezker soberanistak sor ditzake independentista horiek guztiak. Guk bezala pentsatzen ez dutenekin mintzatzen has gaitezen, zubiak eraiki ditzagun, elkarlana susta dezagun, herritar gehiengoa gurekin baldin badator, geldiezinak izango baikara. Ez dago munduan indar hori geldiarazten duen Estaturik. Eta zuek, Santi eta Josu, bidean galdutako gainontzeko kide guztiak bezala, ibilbide osoan bidaide izango zaituztegu. Askatasuneraino.