Bidaia literarioa XVI. eta XVII. mendeetako Nafarroan barna

Zortzimilako mendi bat igotzearekin parekatu du Aingeru Epaltzak «Erresuma eta Fedea» trilogiak eman dion lana. Hamarkada batean hiru liburu, hiru kanpaleku metaforari jarraituz, «Gure Jerusalem galdua» (Elkar) kaleratu duen arte. Azken eleberri honekin itxi du zirkulua.

«Albret eta Borboi. Borboi eta Albret. Izen handiak, biak, gure erresuman. Horietarik fitsik ez naiz, ordea. Zuzeneko haziak ernaldu ninduen. Baina okerreko sabelak umetu. Ez Albret ez Borboi. Joanes Mailu erraten didate. Bastarta naiz, sasikoa, eta sasikoen ondorengo. Bi aldiz sasiko. Bi aldiz bastart». 2006an argitaratutako «Mailuaren odola» eleberrian bere burua horrela aurkeztu zuen Joanes Mailuk, azken hamarkadan Aingeru Epaltzari (Iruñea, 1960) gaueko ordu asko lapurtu dizkion «Erresuma eta Fedea» trilogiako protagonista. Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrenaren inguruan sortu zen zurrunbilo hartan dibulgazio lan ugari kaleratzen hasi ziren, baina «Tigre ehizan» (Euskadi saria 1997an) ipuin bildumaren egileari beste mota bateko galderak sortu zitzaizkion hitzordu historiko haren harira; adibidez, ea konparagarriak ote diren orduko eta egungo garaiak, edota, Amaiurren ziklo bat itxi baldin bazen, gero zer gertatu zen.

Erantzunaren bila abiatu eta 2006ean «Mailuaren odola» argitaratu zuen Epaltzak. Beste hiru urte behar izan zituen «Izan banintzen Nafarroako errege» (2009) kaleratzeko, eta, orain, zikloa itxi du «Gure Jerusalem galdua» lanarekin. «Nekatua, akitua iritsi naiz amaierara. Osasunaren zati bat joan zait trilogia honekin», aitortu zuen atzo Aingeru Epaltzak berak «bidaia» honi buruz hitz egiterakoan. Umorez, XVI. eta XVII. mendeetatik bidaiatzen ibili ondoren, XXI. mendera «oso pozik» itzuli dela esan zuen.

Nobela historikoa landu duten idazle handiekin parekatu zuen Aingeru Epaltza irundarra Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editoreak, adibidez XX. mendean «obra handiak» idatzi zituzten Marguerite Yourcenarrekin edo Manuel Mujica Lainezekin. Egun, ordea, nobela historikoa bere unerik onenean ez dela gaineratu zuen: «Arrakastarekin generoaren degradazioa etorri da: literatura kaskarra egin da, topikoetan eroriz, toki komunetan... Idazkera bera ere ez da zaindu». Ez zuen izenik eman nahi izan Mendigurenek, baina aitortu zuen «arnasaldia» hartu zuela Epaltza trilogia hau idazten hasi zenean.

Aurreko bi liburuek oso kritika onak jaso zituzten. Hirugarrenak orain pasa beharko du irakurleen azterketa. Ia mende oso batean zehar bidaiatzeko aukera eman digu Epaltzak Joanes Mailu fikziozko pertsonaiaren ondoan -«erresumaren azken zalduna, azken gudaria dela esan genezake»-. Bidaia horretan Nafarroa Beheretik eta Frantziatik pasa ostean, Iruñera itzuliko da Mailu hirugarren liburuan, «gure Jerusalem galdura». Mailu zahartuta dago, mila jipoi hartuta ere bai, baina, etsipenak etsipen, ez die bere printzipioei uko egin. Kontrapuntu bezala, Pedro Agerre, Axular pertsonaia historikoa fikzionatu du Epaltzak; «oso irakurketa pertsonala da, eta batzuek ez dute atsegingo», aitortu zuen. Hala, hain berdinak baina hain desberdinak diren pertsonaia bien arteko «duelua» sortuko da «Gure Jerusalem galdua» eleberrian.

«Abentura nobela da», aitortu zuen Aingeru Epaltzak bere lanaz hitz egitean, baina honakoa gaineratuz: «Gertakari historikoei eta inguru sozialari fidela izaten saiatu naiz, baita kontzeptuaren aldetik zorrotza izaten ere». Horrek lan handia sortu dio, detaile txikienen bilaketak ere ordu dezente eraman dizkio-eta. Adibide pare bat: sardexkak ba ziren XVI. mendean? Eta ispiluak? Horrelako galderei erantzuteko orduak eman behar izan ditu Epaltzak.