Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Barcinakeriak

UPNren Gobernuaren ahultasunaren kariaz edo Yolanda Barcinak sarritan erakutsi duen harrokeriagatik akaso, Nafarroako lehendakariaren hitzak berriz bihurtu dira titular eta hedabide ultraeskuindarrek pozez hartu dute irakasleen kontra hasitako kanpaina.

Irakaskuntzarekin kezkatuta dago Barcina, baina okertu da datuak kontsultzako orduan. Guardia Zibilaren informe batean oinarrituta egin dituen adierazpenok, manipulazio ariketa garbia izateaz gain, arduragabekeria izugarria dira eta hobe luke, hezkuntzaren kalitateari begira, ikasketak euskaraz burutu dituzten ikasleek izan ohi duten espedienteei begiratzea beste ezer baino lehen; kontuan izanik, gainera, guardia zibilak ez direla izaten ikasle bikainen adibide preseski.

Barcina anderea, zure esanetan hizkuntzari egin ahal zaion mesederik onena euskaraz ikasten duten haur eta gazteen baldintzak onenak izatea denez, utzidazu, ene apaltasunetik, gomendio bat ematen. Kezkatu zaitez euskaraz ikasi ahal izateko kilometroak eta kilometroak egin behar dituzten ikasle nafarrekin. «Eremu ez euskaldun» deiturikoan bizi diren 1.400 neska-mutikok bost milioi kilometro egin behar dituzte urtero D ereduan ikasi ahal izateko, bakoitzak gasolinan 540 euroko gastua izanik. Kuriosoa orduan, apirilean Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak zure Gobernuari gastu hauek bere gain har zitzan eskatu zionean, zure alderdiak kontra bozkatu izana.

Lingua Navarrorumi egin ahal zaion mesederik onena hizkuntz eremuekin bukatzea da, Yolanda. Zuk gidatzen duzun Gobernuak neurri hori hartzen duen unean, orduantxe sinetsiko dugu zeu izan zaitezkeela euskararen defendatzailerik sutsuena.