Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Agintari tristearen balada

Madrilgo Auzitegi Nazionaleko epaileak mintzatu dira, aspaldiko jainkoen ahots ozen eta beldurgarriaz mintzatu ere, ezbehar hauei muga ezartzeko, bakardadean gurekiko maitasunez dena ematen duten agintari maiteen ohorea urratu dutenak zigortzeko

(La Chula Potraren «La bofetada» kanta entzuten delarik irakurtzeko testua)

Asko idatzi da agintarien bakardadeaz. Topiko bat da, ia. Agintari nagusiak bakarrik daude boterearen gailurrean, ezin dute beren burua inoren pare jarri, ez dute inorekin erabat fidatzerik, inork ez du beren arduraren zama behar bezala neurtzen.

Gaixo agintariak! Guretako bizi baino epeka hiltzen dira, eta, herritarrok, haien menpekook, ez gara konturatzen. Ez ditugu ulertzen, ez ditugu errespetatzen, ez dugu aintzat hartzen gure alde egiten duten sakrifizioa!

Agintariak bakarrik baino isolatuta gelditzen dira aunitzetan. Eta halaxe sentitzen dira, bakarrik, isolatuta eta maila batean baita abandonatuta ere. Gaixo agintariak, dena ematen digute eta haien oinazea ahantziz ordaintzen diegu guk!

Agintarien bakardade gogorra zer den ere ez dakitenendako, agian, tarta bat jaurtitzea xelebrekeria da, irrigarria, sinpatikoa, gaiztakeriarik gabekoa. Gozoa iruditzen zaie, beharbada, txantxa errazari helduz. Nola eginen du ba, minik, halako jaki gozo eta eder batek, esanen diote beren buruari. Pailazo guziek bota eta jaso dituzte eta inori ez zaio bururatu salaketarik aurkeztea, are gutxiago norbait kartzelan sartzen saiatzea, aldarrikatuko dute.

Baina hala diotenek ez dakite zein latza den boterea, zein mingarria bizitza denoi eskaini ondotik halako mesprezuz ordaindu izana. Haiek, beren multzoan uztartuta, inoiz ere bakarrik ez daudelarik, ezin dute agintariaren bakardadea konprenitu.

Nola jakinen dute zer den agintari txit duin eta miresgarri batek horrelako laidoa jasan behar izatea? Ez, ez daude maila horretan, altuegi gelditzen zaie agintarien gailurra! Nahi izanez gero ere, ezinezkoa litzateke haiendako Barcinaren min sakon eta aseezina berenganatzea.

Agintariek aski sufritzen dute bakardadean halako erasoak jasan behar izateko. Bakardade hori zigor neurtezina delarik, beharrezkoa da agintari gaixoak azpikoen zikinkerietatik babestea. Baita tarten bidez adierazten diren horietatik ere.

Agintari triste eta bakarrarendako ez da irrigarria izan. Ezta gozoa ere. Tarten erasoa gogorra izan zen, gogorra zen tarta, eta gaizto horiek ez omen dute ikusi zein irudi kaskarra eman zuen gure agintari maiteak. Gure, guzion onerako bere itxura hainbeste zaintzen duen agintaria zikin! Nola agertuko da, ba, moda aldizkarietan piura horrekin? Ez al dugu ulertzen moda aldizkarietan agertzea gure komunitatearen ohorean egiten duela?

Ez, batzuek ez dute ezer ulertzen. Irrigarria iruditu zaie tartena. Onargarria, txalogarria, emankorra, irudimen maila handikoa, protesta formula eredugarria agian. A, agintari gaixoak!

Zorionez, Madrilgo Auzitegi Nazionaleko epaileak mintzatu dira, aspaldiko jainkoen ahots ozen eta beldurgarriaz mintzatu ere, ezbehar hauei muga ezartzeko, bakardadean gurekiko maitasunez dena ematen duten agintari maiteen ohorea urratu dutenak zigortzeko.

Mintzatu dira argi uzteko erregimenak ederki zaintzen dituela bere zerbitzariak, eskuak kajoian zituztela harrapatu badituzte ere.