Nerea GOTI

Aldekoaren izendapena atzera botatzeko sinadurak biltzen hasi dira Cabacasen lagunak

Cabacasen lagunek eta herri ekimenak «Zugatik» sinadurak biltzeko kanpaina abiatu dute Lakuari bi eskaera egiteko: «Gertatutakoa argitu artean, Ertzaintzako buru nagusiaren izendapen berria atzera botatzea», eta «operatiboaren erantzule guztien zereginak behin-behinean eteteko».

«Zugatik» du izena Iñigo Cabacasen auziaren baitan martxan jarri berri den sinadura bilketa. Iñigo Gogoan herri ekimenak eta basauriar gaztearen lagunek bultzatuta, sinadura horiekin milaka herritarren eskaera argia ipini nahi dute Estefania Beltran de Heredia Lakuako Segurtasun sailburuaren mahai gainean: Lakuako Gobernuak izendatu berri duen ertzainburu Jorge Aldekoaren izendapena atzera botatzea, honek gaztearen heriotza eragin zuen polizia-kargan izan zuen erantzukizunagatik.

Maiatzaren 5eko gau hartan operatiboaren buru ziren bi arduradunetako bat da Aldekoa. Bestalde, atzo GARAk ezagutarazi zuenez, operatiboan parte hartu zuen 3325 polizia burua 2002n Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren senitartekoen kontrako karga agindu zuen ertzain bera da.

«Ez dugu utziko Pituren hilketa zigorgabe geratzen, eta are gutxiago bere heriotza eragin duen operatiboaren polizia-arduradunak saritzen», dio kanpainaren adierazpenak. «Horregatik, eta gertatutakoa argitzen ez den bitartean, Ertzaintzako buru nagusiaren izendapen berria atzera botatzeko eta Iñigo Cabacas Lizeranzu hil zuen operatiboaren erantzule guztien zereginak behin-behinean eteteko eskatzen dugu», dio bigarren eskakizunak.

Herritarren sinadurak biltzeko ekimena Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten atzo, Manu Cabacas eta Josefina Lizeranzu Iñigoren gurasoak bertan zirela. Hain zuzen, beraiek izan ziren sinatzen lehenak, gizarte eragile ezberdinen txaloen artean, eta jarraian beste senitarteko batzuek eta Iñigoren zenbait lagunek bete zituzten orriak.

Iñigo Gogoan! herri ekimeneko partaide Vania Sanmartin eta Urtzi Ugaldek hitz egin zuten sinadura bilketa bultzatzen dutenen izenean. Argitu zutenez, kanpainak hilabete bat iraungo du, eta 10.000 sinadura inguru bildu nahi dute epe horretan. Asteazken gauerdian abiarazi zuten kanpaina.

«Zugatik» kanpainaren helburua azaltzen duen bideoa ere egin dute, eta Change.org webgunearen bitartez izenpetzeko aukera emateaz gain, mahaiak ere jarriko dituzte paperean izenpetu nahi dutenentzat.