GARA

Sindikatu eta elkarteak haserre, «hezkuntza sistema osoari eraso» diotelako

LAB, STEE-EILAS, CCOO eta ELAko ordezkariek D ereduko irakasleen lan ona defendatu eta «intoxikazio mediatikoa» salatu zuten atzo Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean. «Harrituta, suminduta eta haserre» agertu ziren Sortzen eta Herrikoa elkarteak ere.

«Bermudetako triangelua daukagu: Guardia Zibila, fatxerio mediatikoa (Nafarroatik abiatua, «Diario de Navarra» buru) eta fatxerio politikoa (UPNk eta PPk abian jarri dutena). Triangelu honek balizko txosten bat utzi digu; gure ustez oso larria, benetako eskandalua». Hala hasi zuen Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak Hezkuntza Batzordeko saioa.

«Nafarroako irakasleen filia politiko eta ideologikoak aztertuak omen dira. Eta, gainera, ohituraz egiten omen da. Zerrenda beltzen garaia ez zen 36an bukatu», segitu zuen. Bestetik, sektore politiko batzuk, PP eta bereziki UPN, «erabilera politiko zikina» egiten ari direla kritikatu zuen. Iturramako Institutuan Intereconomiako kamerek ezkutuan grabatu izana benetan larria dela azaldu zuen, eta are larriagoa, nafar Gobernuaren jarrera. Bereziki D ereduari eta orokorrean hezkuntza komunitate osoari egindako erasoa dela nabarmendu zuen Bilduk, batzordean agerraldia egin zuten sindikatuek bezala.

Gobernuak irakasle, ikasle, familia eta langileen eskubideak bermatzeko erantzun argirik eman ez izana ere salatu zuten.

Ezer baino lehen, LABeko Gorka Buenok PSN, Bildu, Aralar, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bairi eskerrak eman zizkien, Parlamentuko Mahaian joan den astean egin zuten adierazpenagatik, irakasleen aurkako «eraso, desintoxikazio eta deskalifikazioak» gaitzetsiz.

Lankideen eta hainbat irakasle eta zentroren kontra erraten ari diren «gezurrak» salatu zituen, eta elkartasuna adierazi, «kriminalizatuak» izaten ari diren pertsona horiei.

Aste honetan ezagutarazitako Pisa txostenaren datu onak aipatu zituen, batzordean bertze hainbatek egin bezala. Beste behin ere, Nafarroa OCDren eta Europar Batasunaren batez bestekoaren gainetik azaltzen da. LABen esanetan, hau ez da Nafarroako Gobernuari esker gertatu, gobernu hau egon arren baizik, eta, hala, nazioartetik aitorpena jasotzen den bitartean, UPN, PP eta «Diario de Navarra» profesional hauek kriminalizatzen eta duten prestigioa zapuzten saiatzen direla.

«Pertsonak pentsatzen dutenagatik edo hitz egiten duten hizkuntzagatik espiatzea erregimen faxistetan eta Estatu espainolean soilik gertatzen da», erran, eta irriak aditu ziren aretoan. «Niri ez dit batere graziarik egiten», adierazi zuen serio Gorka Buenok.

Stee-Eilaseko Amaia Zubietak ere eskerrak emanez ekin zion hitzaldiari. Galdera anitz sortzen zaiela agertu zuen. «Benetan existitzen bada txosten hori, nork agindu du egiteko? Zertarako? Nork filtratu du prentsara? Zertarako? Barcinak aitortu du aldez aurretik ezagutzen zuela edukia; zertarako gordetzen zuen informazio hori? Zergatik ez zuen partekatu? Edo berak eskatu zuen?».

«Epaiketa ideologikoa» egiten ari dira, Stee-Eilasen ustetan, «oso arriskutsua» dena. «Kohesio soziala landu ordez, haustura sakonagoak bilatzeak» kezkatzen du.

Hainbat eskaera egin zizkioten sindikatuek zuzenean Gobernuari: D eredua eta bere irakasleriaren lana esplizituki babestea eta ikertuak izan diren pertsonei elkartasuna adieraztea; kanpaina bat egitea zalantzan jarritako zentroen izen ona berreskuratzeko; Departamentuko edo Parlamentuko zerbitzu juridikoek txosten bat egitea; kereila posible baten buru aurkeztea...».

Sortzen eta Herrikoa

Sortzeneko ordezkariek «sorpresa, haserrea eta sumindura» agertu zuten zenbait hedabidetan atera den informazioagatik eta Nafarroako Gobernuaren jarreragatik. Kasualitaterik ez dagoela ere azpimarratu zuten, euskarazko hezkuntzaren kontrako kanpaina hau matrikulazio bezperan egin baita, Lomceren inposaketaren aurka gizartean mobilizazio handia dagoenean.

Herrikoa elkarteak ziurtatu zuen honegatik ez dutela sisteman duten uste osoa zalantzan jarriko, ezta duten batasuna ere. Seme-alaben irudi eskubideak ere defendatu zituen.