Martxelo DIAZ IRUÑEA

Ikastetxe publiko berria izateko mobilizaziora jo dute Sarrigurenen

Biztanle eta ikasle kopurua asko hazi dela-eta, ezinbestekoa da Sarrigurenen ikastetxe publiko berri bat eraikitzea, baina Nafarroako Gobernuak ezezkoa eman dio zentro berria datorren ikasturterako eraikitzeari. Gauzak horrela, Guraso Elkarteak eta Hazi eta Hezi plataformak mobilizazioaren bidea jorratzea hautatu dute. Kontzentrazioak egingo dituzte ikastetxe zahar eta txikiaren aurrean bihartik aurrera, eta astearterako ikasle greba deitu dute.

Datorren ikasturtean Sarrigurenen ikastetxe publiko berririk ez zabaltzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, eta horri aurre egiteko mobilizaziorako deia egin dute aste honetarako Guraso Elkarteak eta Sarriguren Eraikitzen Hazi eta Hezi plataformak, atzo jakinarazi zutenez.

Izan ere, Eguesibarreko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak sinatu duten akordioan, ikastetxea martxan jartzeko ezinbesteko baldintza gisa agertzen da Parlamentuak aurrekontuak onartzea. Ia ezinezkoa izango da baldintza hori betetzea, UPNk ez baitu indar nahikorik Parlamentuan eta oposizioko talde guztiek aurrekontu egitasmoaren aurka egingo dutela plazaratu baitute. Hortaz, oposizioko taldeei presio egiteko UPN-k erabilitako azpijokoa ikus daiteke baldintza horren atzean.

«2014-2015 ikasturterako eskola berriaren lehen fasea behintzat eraikitze aldera, hurrengo hamabost egunek berebiziko garrantzia duten jakitun izan behar dugu. Argi dugu familion batasuna dela garrantzitsuena, horrek emango baitigu indarra eta gaitasuna Gobernua presionatzeko, bere betebeharrari erantzun diezaion», nabarmendu zuten Sarrigurengo Guraso Elkarteak eta Hazi eta Hezi plataformak.

«Ezin dugu onartu gure seme-alaben hezkuntza zeinahi aurrekonturen onespenak baldintzatzea. Hurrengo urteko matrikulazioei begira, familia askok beren erabakiak baldintzatuta ikus ditzakete, eskola publikoaren egoeraren beldur. Eskola publikoak ezin baitie behar bezala erantzun herriko haurren beharrei, eta hori ezin dugu onartu. Hezkuntza komunitateko partaideok, guk geuk, erabaki behar dugu zein izango den gure seme-alabentzat nahi dugun eredu pedagogikoa, inolaz ere espazio faltak», gaineratu zuten.

13.000 biztanle inguru daude egun Sarrigurenen eta, batez beste, urtero 500 haur jaiotzen dira. Gauzak horrela, egun duten ikastetxe publikoa txiki geratu da eta pilaketa arazoak sortu dira dagoeneko. Datozen urteetan, egoerak okerrera egingo duela aurreikusten dute. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute ikastetxe publiko berri bat martxan jartzea, baina Nafarroako Gobernuak uko egin dio eskaera horri.

Kontuan izan behar da ere, euskarazko irakaskuntza publikoaren kontrako kanpaina mediatiko-politikoa abiatu duela UPNk, D ereduaren prestigioa lokazteko helburuarekin.

Guraso Elkarteak eta Hazi eta Hezi plataformak atzo zabaldu zuten oharrean adierazten dutenez, egoera oso gogorra da eta, hori dela-eta, mobilizazio aste oso bati ekitea erabaki dute.

«Badakigu proposatzen dugun mobilizazio egutegia gogorra dela eta familia askori ahalegin handia eskatuko diela, baina jakin badakigu entzun gaitzaten, ikus gaitzaten eta horren zilegi den gure eskakizunari arduraz erantzun diezaioetn modu bakarra dela», adierazi zuten.

«Ez da haur jolasa. Oraingoan ez da haur-jolasetan izaten diren aldi bateko haserrealdia, irabazle gu edo besteak izan. Gauza serioa da eta jolasean ibili behar badugu, egin dezagun denok baldintza berberetan», gehitu zuten bi taldeek.

Bihar bertan hasiko dituzte mobilizazioak. Kontzentrazio batera deitu dute Guraso Elkarteak eta Hazi eta Hezi plataformak goizeko bederatzietatik bederatzi eta laurdenetara. Modu honetan, eskolara sartzeko ordua hamabost minutu atzeratu nahi dute. «Guztioi laguntza, elkar ulertzea eta norberak hartuko duen erabakiarekiko errespetua eskatzen dizuegu», esan zuten.

Arratsaldeko bostetan, berriz, Sarrigurengo ikastetxeko Guraso Elkarteak egingo duen lan batzar irekian parte hartzeko deia zabaldu zuten. Batzarra ikastetxeko balio anitzeko aretoan egingo dute eta helburua proposatutako mobilizazioak prestatzea eta ideia berriak jasotzea da.

Asteartean ikasle greba

Asteartea egun garrantzitsua izango da mobilizazio aste honetan, Guraso Elkarteak eta Hazi eta Hezi plataformak ikasle greba deitu baitute. Seme-alabak eskolara ez eramatea proposatu diete gurasoei. Honekin batera, arratsaldeko sei eta erdietan Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzera dei egin dute.

Izan ere, asteartea egun garrantzitsua izanen da Parlamentuan. Alde batetik, goizeko hamarretan UPNk aurkeztutako aurrekontuen kontrako osoko zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko baitira. PSN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta Geroa Bai taldeek aurkeztu dituzte osoko zuzenketak.

Arratsaldean, berriz, Jose Iribas Hezkuntza sailburuaren agerraldia izango da batzordean, bi gai larrien gaineko azalpenak emateko. Batetik, Sarrigurengo ikastetxearen egoera aztertuko da, Bildu eta Aralar-NaBai taldeek eskatuta. Honekin batera, D ereduaren aurkako kanpainari buruzko azalpenak eman beharko ditu Iribasek Geroa Baik eskatuta.

Datozen egunetan mobilizazioak egiten jarraituko dute, asteazken eta ostegunean goizeko ordu laurdeneko kontzentrazioak errepikatuz. Ostiralean egingo duten protestaldia berretsi gabe dago, eta hurrengo astean ere segitzeko asmoa dute.

José Iribas, el centro de todas las polémicas en Educación

Mientras la presidenta del Gobierno, Yolanda Barcina, está de viaje en Argentina, su consejero de Educación, José Iribas, sigue en el centro de todas las polémicas. Su comparecencia del martes en la comisión correspondiente del Parlamento se anticipa como tensa. Por un lado, tratará la cuestión del nuevo centro de Sarriguren en plena semana de movilizaciones y con los padres y madres concentrados frente a la Cámara. También tendrá que dar explicaciones sobre las maniobras para criminalizar el modelo D en Nafarroa, en base a un supuesto informe de la Guardia Civil que el Gobierno navarro dice haber visto pero que no muestra argumentando que es «reservado», una cautela que parece que no existió a la hora de filtrarlo a algunos medios.

En defensa del modelo D, los sindicatos LAB, STEE-EILAS y ELA (mayoritarios en el sector), Herrikoa, Sortzen e Ikasle Abertzaleak han organizado una manifestación para el día 18. La presentarán mañana en una comparecencia ante los medios.

También en defensa de la enseñanza en euskara en la zona «no vascófona» se ha convocado otra movilización el día 14 en Tafalla por parte de una plataforma recién creada.

Y por si fuera poco, un grupo de profesores comenzará mañana a recoger firmas para reprobar a Iribas por su gestión en relación a la Lomce, a la defensa de la enseñanza pública y al euskara. M.D.