ANARTZ BILBAO
Kronika: Durangoko Azoka

Zugazatik San Agustinera, Landakoz kanpoko Azokan zehar

Azoka Hiria bihurtzeko bidean, zortzi dira aurten Durangoko Azokak dituen guneak; eta Landakoz kanpo dira batzuk. Egun, liburuak eta diskoak erosi eta ardo batzuk hartzeaz gain, kultur ekimenetan parte hartu eta gozatzera, gero eta gehiago, dator jendea. Irudienean, Szenatoki, Kabia eta Saguganbaran, esaterako.

Irudieneak ez du lehen urtea Azokan, baina Zugaza zineman hartu du aterpe aurrenekoz. Atzo, Goizalde Landabaso gidari zela, ikus-entzunezko alorrean emakumeek duten presentzia eta ikusgaitasunaz egin zuten berba Olatz Beobide eta Mireia Gabilondo zinemagileek, Aitziber Garmendia antzezleak eta Iratxe Fresneda EHUko irakasle eta GARAko kolaboratzaileak. Hizlarien aburuz, «emakumeentzat zinemagintzaren botereguneetara heltzea zaila izateaz gain -Europako jaialdi guztiek gizonak dituzte buru-, egiten duten lanaren ikusgarritasuna lortzea oso zaila» da. Maisulanak egin ezean gainera, lehen aukeran kale eginez gero, ez ei dago bigarrenik.

Halere, baikor agertu ziren lau solaskideak. Gabilondo Lekeitioko Zine Bileran epaimahai izan berri da, eta bertan ikusi dituen neska gazteen lanak ahotan, «emozio izpi bat sortzen dute», esan zuen. «Goenkale»-n lanean diharduen Beobideren aburuz, «akaso esperientziarik ez, baina formazio ikaragarriarekin» ikusten ditu castingetan ezagutzen dituen gazteak, eta Fresneda irakasleak beraien belaunaldia izan zena baino ausartagoak ikusten ditu, «jarrera dute». Garmendia ere bat zetorren, «sortzeko ekimen ikaragarria dute, bada harrobia».

Esandakoaren isla, solasaldia bukatu eta Laburbirako hiru film labur ikusi ditugu, Lara Izagirreren «Sormenaren bide ezkutuak», Maialen Kaltzakorta eta Eider Etxebesteren «Potxuak kaleak hartzen» eta Amaia Badiolaren «Hondartza»; guztiak ere emakume gazteek eginak.

«Irudienea ikus-entzunezko sortzaileen leiho izateko jaio zen, eta sortzaileak publikoarekin harremanetan jartzeko», adierazi digu guneko arduradun Arrate Illarok. «Proiekzioekin batera zinemagileak izaten dira hemen, azalpenak eman eta galderak erantzuten».

Eta Zugazan, herriko zinema aretoan, egotea «kontu naturalena genuen, gunerik aproposena da-eta». Beraz, behin trenbidea lurperatuta, bertan kokatu da Irudienea.

«Lehen jendea Landakora zetorren, liburuak eta diskoak erostera, eta tabernetako lagun artera gero. Eta astiro-astiro txip-a aldatzen doa; kultura kontsumitu eta kulturaz gozatzera datoz orain». Eta Azokako gune txikiak egonkortzen hasi dira. «Erantzuna ona da».

Aurten lehen aldiz, Irudieneak izena emateko epea ireki zuen irailean, eta mota askotako lanak jaso dituzte, film labur, luze edo bideoklip. «Saiatu gara jaso ditugun guztiei tokia egin eta proiektatzen».

Juliok bigarren urtea du guneari izaera ematen. «Kabiak kulturaren atal digitala edo teknologiarekin harremana duena lantzea du helburu. Sormen aldetik, garapen teknikotik zein hezkuntza edo arlo ekonomikoari begira».

Asko dira kultura digitalarekin zerikusia duten gaiak, pentsatu baino gehiago, eta egitarau oparoa du Kabia guneak. «Goizetan gauzak egiteko tailerrak eta arratsaldean hitzaldiak izaten dira. Orokorrean gune parte hartzailea da eta jendeak ekarpenak egiten ditu».

Gaur, esaterako, ekintzaile espazioari eskainiko diote eguna. Goizez mahai-inguru bat izango da, «Berria» eta GARA egunkarietako eta Elkar argitaletxeko kide banarekin -akaso, Susakoren bat ere gehituko bide zaie-. «Musikarekin ikusi dugun bezala, mundu digitalak kontu asko astindu ditu, eta egunkari eta argitaletxeek beren negozio ereduan eduki digitalak nola integratu dituzten azalduko digute». Arratsaldez, besteak beste, Donostiako Doka antzokia eta Iruñeko La Hormiga liburu-denda garatzen ari diren egitasmoa aurkeztuko dute.

Atzo, larunbata, makina bat egitasmo aurkeztu zituzten (Lou Topet taldearen aplikazioa izan, Larrabetzu herriari edo filmen bikoizketari buruzkoak izan...) oso saio dinamiko eta dibertigarrietan. «Tabu hitzaldiak dira, jendea erakartzeko ideia, ondo funtzionatzen duena. Ezin da `euskara' hitza aipatu, ezta `krisia' hitza ere. Eta esaten dituenari paperezko bolak botatzen dizkiogu». Gainera, aurkezpen bakoitzak hamar minutu eskaseko muga du. «Askoz trinkoagoak izan ohi dira eta uste baino gehiagorako ematen dute».

«Software librearen mundutik, DNAn daramagu kultura irekiaren aldeko apustua», dio Juliok. Kabiak, profilez 30-55 urte bitarteko jendea, teknologietan badabilena, jasotzen du.

Haurrak eta helduak batera

Saguganbara haurrentzako gunea izaten dela esan ohi da, baina bertako arduradunek agertu digutenez, «haurrek gurasoekin batera parte hartzea bultzatzen da». Gunea hiru espaziotan banatua dago; hall-ak girotze jolasak ditu -txapak eta beste egiten dituzte- eta bi aretoek Azokan saltzen diren kultur ekoizpenak erabili eta aurkezten dira, formatuen arabera (DVD, ipuin, eta abar). Areto handian antzerkia eta liburu aurkezpenak izan dira, eta areto txikiak hitzaldi interesgarri bat jaso zuen atzo -aurreko urteetan gurasoen gurariei erantzuteko sortua-, Juan Karlos Alonso errenteriarra hizlari zela.

«Haur literaturaren eragina haurraren garapenean» 3 eta 8 urteko umeen gurasoentzat antolatuta zegoen. Hitzaldian, «literatura eta irakurketak zein onura dakarkien haurrei» agertzen du Alonsok, «eta asko dira». Gurasoek pentsa dezaketenaren kontra, irakurtzen ez dakiten umeentzako hitzen deskodetze hutsa dela, «ez da hori -dio Alonsok-. Kontakizun bat entzuteak, irudi bat irakurtzeak, eta hortik mezu bat jasotzeak, zentzu guztietan laguntzen dio haurraren garapenari: hizkuntza aberasteko, jakin-mina garatzeko... altxor preziatu bat da literatura». Alonsoren esanetan, «fantasiarekin irudimena lantzen du umeak eta maila psikoafektibo berean hitz egiten diolako maite du, identifikatzen da ipuinen pertsonaia eta egoerekin, eta nolabait beraiei gertatzen zaiena ulertzen laguntzen die».

«`Aitatxo, amatxo, irakurriko didazu ipuin bat?' eskatzean, haurraren heziketa emozional eta afektiboaz mintzo gara, gurasoekin goxo-goxo egon nahia agertzen du umeak. Aparte, ondo pasatzen da literaturarekin, plazer hutsa da». Irakaslearen aburuz, «irakurketa egunero basokada esne bat ematea bezalakoa izan beharko litzateke».

Saguganbarako arduradunengana bueltatuta, «lau urte daramatzagu Elkargunean», adierazi digute. «Eta badabil jendea. Aurten lehen eguna ikasleena izan genuen eta arratsaldean Pirritx eta Porrotx etorri ziren. Ordutik hona topera gabiltza».

Antzerki maratoia

Zugazan hasi ibilbidea herriko beste aldean, San Agustin kulturgunean, bukatu dugu, hirugarren urtez Szenatoki den oholtzan. «Arte eszenikoei eta, batez ere antzerkiari irekia dagoen gunea gara, Azokako zortzigarrena -EHAZEk ere parte hartzen du antolakuntzan-, bere tokia bilatu eta egiten dabilena», azaldu digu Arantza Arrazola arduradunak. «Lehen urtean egun bakarreko egitaraua jaso zuen guneak eta egunerokoa aurten».

Atzo antzerki maratoia izan zuten, eta zortzi antzerki taldek -goizean lauk eta arratsaldean beste lauk- beren sorkuntzen laginak eman zituzten, hamabost minutuz. «Iaz kostatu zitzaigun, batez ere goizez, baina aurten ateak ireki baino lehen jendea zain genuen, eta pozik gara». Antzerki sortzaileen lanak ezagutzeaz aparte, antzezleak ezagutzeko parada izan du gainera bisitariak, txakolina lagun. «Publikoa lotsatiagoa da, baina antzerki taldeek profitatu dute hitzordua, elkar ezagutzeko».

Guneak mahai-inguru interesgarri bat jasoko du gaur goizean, Catriona Lexy Campbell eskoziarra zein Ixabel Etxeberria eta Oier Guillanen partaide dituela. Arratsaldez, Dxusturi Teatroak aurkeztuta, Eneritz Artetxe gernikarrak «Konpota» antzezlana estreinatuko du bertan.

Korrontziren kontzertuak emango dio amaiera Durangoko Azokari Plateruenan

Azken eguna izango du gaur Durangoko Azokak eta egun osoan izango da zer aukeratua. Ahotseneatik pasako dira, esaterako, goizeko 11.00etatik aurrera, Igor Arzuaga, Koldo Izagirre, Garbiñe Ubeda, Anjel Unzu eta Txuma Murugarren, Arrate Mardaras, Ukan, Oreindik, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ataramiñe liburuak... Szenatokian, «Kafie eta berba» mahai-ingurua izango da 17.30ean. «Ze eragin du egoera soziopolitikoak antzerkian eta alderantziz» gai hartuta, parte hartuko dute Catriona Lexy Campbell eskoziarrak, eta Oier Guillan eta Ixabel Etxeberria euskaldunek. Ondoren, 19.00etan, Eneritz Artetxek zuzendutako «Konpota» antzezlana estreinatuko du Dxusturi taldeak. Irudienean, egun osoan zehar izango dira proiekzioak eta, 18.00etan, Kameratoia film laburren rallyko sari banaketa eta emanaldia egingo da. Kabi@n, euskal egile, ekintzaile eta enpresen arteko topaketa izango da 12.30ean. Saguganbaran jolas eta tailerrak egongo dira haurrentzat eta Plateruenan, 12.00etan, Amaia Urzainki eta Enekoraren emanaldia eta, 20.00etan, Korrontzi. GARA