Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Gure hedabideak lagundu

Giza eskubideen defentsan ari omen da gobernua, horren berri izan dugu aste honetan bertan. Eritasun larria duen Jon Iurrebaso preso sartu baitute

Mila seiehun soldadu sartu dira Afrika Erdian, frantsesak denak. Herritarren babestera joan omen dira, frantsesak ez baitira gerla egitera joaten jendea salbatzera eta laguntzera baizik. Ez dakigu zergatik joaten diren hara orain, zergatik ez diren lehenago joan, basakeriak gertatu baino lehen, edo hasi orduko adibidez. Ez dakigu zergatik han gertatzen diren eraso horiek beste herri batzuetan gertatzen direnak baino urgentzia handiagoa duten. Ez dakigu, ez dugu ulertzen, ez digute esplikatzen. Bertako herritarrek frantses soldaduak salbatzailetzat dituztela erraten digute eta horren araberako filmak botatzen dituzte berrietan. Frantsesak beti onak, salbatzaileak giza eskubideen defentsan...

Gero jakiten dugu uranioa badagoela herri horretan. Maliko mugetan bezala. Frantziako armada Malira joan zen eta Txaden ere han dago. Denetan frantses soldaduak daude, gure zergekin ordaintzen den gerla bat eramaten, noren alde den ez dakigula, gerla bat eramaten. Gure aldekoa ez da izanen, seguraz ere enpresa handien alde eginen den politika baten defentsan. Milioika euro xahutzen dituzte, Europan gutxien dutenei diru laguntzak kendu nahi dizkietelarik. Hango herritarrek laguntza behar dutela egia izango da, etengabe gerla pean bizi baitira, baina orain ematen dietena laster biderkatuta herri horiek dituzten aberastasunekin ordaindu beharko diete.

Giza eskubideen defentsan ari omen da gobernua, horren berri izan dugu aste honetan bertan. Eritasun larria duen Jon Iurrebaso preso sartu baitute. Bizi arrunta zeraman, AEKn irakasle, eritasunarekin bizitza aurrera erama- ten, ezin izan dute bakean utzi. Ez zuen inor arriskutan ematen baina euskal gatazka ezagutzen ez duen gobernu honek ez daki bestela jokatzen. Orduan, hemen giza eskubideen kontra jokatzen bada nola jokatuko du Afrikan? Zinikoak dira baina beren gezurrak ezin dira gehiago sinetsi.

Gezur guztien hedatzeko tresna handia izaten dira boterearen hedabideak, dudarik gabe. Horretan gure prentsaren garrantzia funtsezkoa da. Haatik, berri txar bat iritsi zaigu duela egun gutxi, alegia «Le Journal du Pays Basque, Euskal Herriko Kazeta» hetsiko dutela hilabete honetan bertan. Hamabi urteko esperien- tzia «Sud Ouest» egunkariari aurre egiten aritu dena. Inoiz gertatu ez zena, «Sud Ouest»-ek monopolioa izan baitu luzaz, etxe gehienetan egunkari horretan idatzia zena lege egiten baitzuen. Euskal Herriko kazetak aire freskoa ekarri zuen bertako irakurleen artean. Ez zen euskarazko egunkaria baina ausardia handia izan du, eskertzekoa da gure gizartean astinaldia ekarri baitu. Egunkari bat hesten delarik demokrazia urrats bat gibelera doa, bereziki lurralde honetan, frantses eskuinaren esku dagoena, «Euskal Herriko Kazeta»-ri inongo laguntzarik ekarri ez diona bere egia bertan pasatzeko baliatzen bazuen ere. Bertako eskuina diot baina alderdi sozialistak ez dio instituzioetatik iragarki gehiago bidali ere. Aniztasuna ez da beste eremu askotan bezala hemen bultzatutako ideia.

Demokrazia, aniztasuna guri dagokigu bultzatzea. Gure hedabideak nahi baditugu lagundu beharko ditugu.