Alvaro HILARIO BILBO

«Herritmo», bizitzari zein nortasunari buruzko ikuskizuna hasteko prest

Bilboko Arriaga antzokiak hartuko du bihar Oreka TX, Kukai eta Kalakan taldeek sortutako lanaren estreinaldia. Herri kirolak abiapuntu izanik, «Herritmo» nortasunaren gaineko hausnarketa da, hainbat diziplina baliatzen dituen ikuskizuna. Dantza, musika, kirola eta kanta uztartzeaz arduratu da Hansel Cereza zuzendari artistiko katalana. Bilboko estreinaldiaren ostean, Iruñea, Gasteiz, Gernika, Donostia eta Baionan aurkeztuko dute «Herritmo».

gara-2013-12-10-Noticia

Arriaga antzokiak «Herritmo» ikuskizunaren estreinaldia hartuko du bihar, 20.00etan. Dantza, musika, kantua eta herri kirolak uztartzen dituen eszena-kolaborazio bat da, Oreka TXren (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte), Kalakan hirukotearen (Thierry Biscary, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere) eta Jon Mayak zuzentzen duen Kukai dantza konpainiaren arteko elkarlana. Ikuskizun erabat berri eta paregabe bat, euskal eszenako artista onenen ordezkaritza mardula bilduko duena oholtza gainean.

«Herritmo» ikuskizuna hainbat diziplina eszenaratzen dituen proiektua da: dantza, musika, kantua, eta berebiziko apustu gisa, herri kirolen ikuspegi artistikoa. Diziplina hauek guztiek oreka eta indarra dute ezaugarri komuna, guztiak dira herri erritmoaren sortzaile.

Hiru urte luze eman dituzte artistek ikuskaria sortzeko, hiru urte non prestakuntza moteldu duten era guztietako gertaerak suertatu diren, hala nola Kalakan taldeak Madonnarekin egin zuen urtebeteko bira edo Igor Otxoak Oreka TXtik alde egitea.

«Herri kirola beti izan dugu inspirazio iturri», esan zuen atzoko prentsaurrekoan Harkaitz Martinez de San Vicente txalapartariak, asteazkeneko estreinaldia «300 kiloko harria jasotzea bailitzan» hartu dutela gehituz jarraian.

Herriaren «tempo»-a

Herri kirola, kulturalki balio ukaezina duen adierazpidea, plazatik antzokira eraman nahi izan dute. Ildo horretatik, lanbideen mugimenduak koreografia bihurtuz eta baserriko lanabesen sonoritatea landuz, publikoaren aurrean ezohikoa den planteamendua egin nahi dute.

«Herritmo» ekoizten duen Txalapart enpresako Nerea Ganzarainek adierazi zuen «herri kirolak beste prisma batetik, beste ikuspegi batetik» ikusiko direla. Herriaren pultsua edota tempoa, indarraren eta orekaren arteko harremana, islatzen dute. Izan ere, Martinez de San Vicenteren aburuz, herri kirolen funtzio horretan datza bakoitzak egiten duena.

Hansel Cereza da eszena zuzendaria, La Fura dels Baus konpainiaren sortzaileetako bat, eta beste proiektu batzuen artean, Cirque du Soleil-ek 2006an Las Vegas hirian estreinatutako «Love» ikuskizunaren sorkuntza taldean parte hartu zuena.

Cerezarentzat ere erronka handia izan da diziplina guztiak uztartzeko metodologia aurkitzea eta ezartzea, are gehiago euskalduna kultura arrotza, ezezaguna, egiten zitzaiolako: «Ez nuen euskal kultura ezagutzen eta neure burua inplikatu behar izan dut erronka eszeniko honetan kultura hori taularatzeko. Hori indar guztiaz agertzeko ikuskizuna prestatu dut», esan zuen Cerezak bere lana aurkeztean.

Bere esanetan, diziplina ezberdin horiek guztiak uztartzeak helburu bakarra dauka: «Horien guztien indarrak orekatu, armonia aurkitu, eta indarra duen guztiak dakarren poesia aurkitu».

Kukai dantza taldeko Jon Maya dantzari eta koreografoa eta Kalakaneko Jamixel Bereau ere egon ziren prentsaurrekoan Cereza eta Martinez de San Vicenterekin batera.

Mayaren ustez, «euskal kultura eta tradizioa modu batean ulertzen dugunok elkartu gara proiektu honetan. Herri kirolen atzean bada hausnarketa bat: zer gara, zer nahi dugu, zergatik egiten dugu egiten duguna».

Kukai eta Oreka TX taldeen arteko kolaborazioa lehenengoz orain dela bi urte «Hostoak» ikuskarian islatu zela gogorarazi eta gero, Kukairen ohiko taldera Noemi Viana eta Ane Antza dantzariak batu direla iragarri zuen.

Bestalde, Bereaurentzat «Herritmo» «istorio oso polita» da, eta proiektuan parte hartzeaz pozik dago. Bere ustez, «kolaborazioak koherentzia handia du, nortasunean sakondu egiten du. Oreka TX ikusi nuenean ikusi nuen beraiek lortu zutela tradizioa eta modernitatea, euskal nortasuna eta mundukoa, uztartzea», hain zuzen ere, Kalakanek ere bete nahi zuen asmo bera.

«Bada bizitzaz, gizateriaz mintzo den ikuskizuna. Nortasunaren bilaketan lagungarria da oso arrotzaren begirada -bihotzaz beteriko kanpoko begirada- ñabardura asko hartzeko gai delako», esan zuen Jamixelek Cerezak egindako lanari buruz.

Kontzertuak

Bilboko Arriagako estreinaldiaren ostean, «Herritmo» Iruñeko Gayarre antzokian aurkeztuko dute (abenduaren 13an), baita Gasteizko Principalen (abenduaren 18an), Gernikako Jai Alai pilotalekuan (abenduaren 27an), Donostiako Kursaalen (urriaren 4an) eta Baionako antzokian (otsailaren 22an) ere.