Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Biziraupenaren eta geoestrategiaren artean

Ez ote dute batzuek nahiago Errusiari arazoak sortzea... Ukrainaren arazoak konpontzea baino? Geopolitika deitzen zaio horri eta Europa Ekialdeko kirol zahar bat da

Zutabetxo honen izenburua izan zitekeen beste bat. Adibidez, «Kontuz: propaganda». Edo aspaldian norbaitek Poloniari buruz asmatu zuen hura, «Jainkoagandik hain urruti eta Errusia eta Alemaniatik hain gertu», gero beste batek Mexiko eta AEBei buruz berresan zuena. Edo sinpleki «Ukraina gaur». Baina goian doan arrunkeria horrekin konformatu naiz, zehatzagoa delakoan.

Arazoa da propaganda zaparradak blaituta gaudela Ukrainan gertatzen ari denaren inguruan, eta propagandarekin gerta litekeen gauzarik okerrena gertatzeko, hau da, «geure» propaganda irentsi eta sinesteko, zorian egon gaitezkeela. Eta, zinez, hori ez dela gertatzen ari dena ulertzeko modu batere egokia.

«Gure» -hau da, Europar Batasuneko (EB)- propagandak aditzera ematen du Ukrainako arazoaren mamia dela hango herritarrek EBko kide izan nahi dutela (nola ez duzu bada nahiko munduko klubik dotoreeneko kide izan?); eta, aldiz, agintean gotortuta, polizia basatien atzean gordeta dauden bakan batzuek hori zapuztu egin nahi dutela, beren interesez edota Errusiaren xantaiaz. Zintzo eta gaiztoen beste istorio bat, alegia.

Eragozpen serio bat dauka, ordea, ipuin horrek: egia osotik urruti samar dagoela. Ukrainako Gobernuak azkenean EBrekin elkartzeko prozedura bertan behera utzi izanak badu, noski, zerikusia Errusiako Gobernuaren presioekin. Agerikoa da hori, presioa oso gardena delako: gasa eta gainerako erregaiak lagun-prezioan jasotzen eta esportazioak muga-zergarik gabe egiten jarraitu nahi badu, Errusiak exijitzen dio Ukrainari sina dezala Errusiak berak, Bielorrusiak eta Kazakhstanek osatzen duten Aduna Batasuna... EBk berarekiko Merkataritza Libreko Itunarekin uztartu ezina deritzona. Bigarren hau hobetsiz gero, jakina, Ukrainarekiko harremanak, batez ere energiaren alorrean, mozten hasiko da Errusia... eta Europak ez dauka horiek ordezkatzeko ez modurik ez, seguruenera, gogorik. Zein bloke ekonomikotatik zintzilik geratu behar duen aukeratzea besterik ez zaio geratzen, beraz, Ukrainari. Eta etorkizuneko itxaropenek ez dute egungo platera betetzen.

Arazoa, gainera, joera politikoen banaketa geografikoarekin bilbatu behar da. Jarrera «europazalea» oso nagusia da Ukraina Mendebaldean eta Iparraldean, «errusiazaleak» Ekialdean eta Hegoaldean nagusi diren bezalaxe. Oro har, lehenak erdia baino gehixeago eta bigarrenak gutxixeago omen dira; baina biak, paretsuan. Hizkuntzarekin zuzen-zuzenean lotuta dago banaketa, jakina. Horri gehitzen bazaio nagusiki errusieraz mintzatzen diren eskualde ukrainarretako industria astuna izango litzate- keela, ziur, EBko elkartze prozesuaren lehen biktima, aise igar liteke zein zaila izango den, noiznahi ere, Ukraina, zatitu gabe, Europar Batasunean txertatzea Errusiaren oniritzirik gabe.

Hortxe egon daiteke, ordea, gertatzen ari denaren giltza: ez ote dute batzuek nahiago Errusiari arazoak sortzea... Ukrainaren arazoak konpontzea baino? Geopolitika deitzen zaio horri eta Europa Ekialdeko kirol zahar bat da.