IKUSMIRA
IKUSMIRA

EAJ-PSEren «omertà»-k ez du Aldekoa babesten

Ertzaintzaren buru Jorge Aldekoa isiltasunaren legea inposatuz babestu nahi izatea ez da sorpresa bat. Legebiltzarrean agerraldiak eragoztea ohikoa ez den arren, kasu honetan erregela bilakatu da. Iñigo Cabacas gaztea hil zuen Ertzaintzak, Aldekoak diseinatu eta antolatu zuen operatiboan, ez zen «zorigaitzeko istripu» bat izan, ezta «jokabide profesional baten akatsa» ere. Cabacas auzia ez da sekula sagar ustelaren ideiaren arabera argitzerik izango, egiazki gertatu zena ezagutzeke eta nabarmenak diren erantzukizunak bere gain hartu eta depuratu gabe. Horretan tematzeak, orduko ardura zuen PSE eta egungoa duen EAJ diharduten gisara, Cabacasen senide eta lagunentzat aski mingarria izateaz gain, faktore sistemiko, eredu eta kultura polizial oker baten oinarriak, zigorgabetasuna eta bere konplizitateak aztertzeari eta zuzentzeari aukerak moztu baino ez dizkio egiten.

Eta hori da, hain zuzen, EAJ eta PSEren erabakia. Aldekoaren agerraldia eragotziz uste dute babestu egiten dutela, baina, egiazki, bere parte hartze erabakigarriaren susmoak elikatu eta susmoak egia bilakatzen indartu egiten ditu. Nola esplikatuko diote bi alderdiok Cabacasen gurasoei beren semearen heriotza argitu nahi dutela ardura eta parte hartze hain zuzeneko baten hitzak entzutea uzten ez badute? Isilik egoteak hitz egiteak baino gehiago esaten du kasu honetan. EAJk eta PSEk, esan gabe, dena eman dute jakitera.