GARA

EHUko ikasleen %10ek bozkatu dute Klaustroko ordezkariak aukeratzeko

EHUko ikasleen %10,15ek hartu dute parte Klaustrorako hauteskundeetan, Unibertsitateak atzo jakinarazi zuenez. Bozkalekuak joan den asteartean zabaldu zituzten fakultateetan, eta, EHUk azaldu duenez, ikasleei Klaustroan dagozkien 53 postuetatik 6 plazarik gabe gelditu dira, zenbait zentrotan hautagairik aurkeztu ez delako. Guztira, 50 hautagai zerrenda izan dira.

Ikasleen ordezkari berrien artean bost aukeratu beharko dituzte Gobernu Kontseiluan parte hartzeko.

Klaustroan dituzten 53 postuak ikastegi ezberdinen artean banatzen dira, eta fakultate eta eskola bakoitzeko gutxienez ordezkari bat esleituta dago. Ikastegi gehienetan zentroko batzarreko ordezkariak aukeratuko dituzte orain tokian tokiko ikasleek, ikastegiko Ikasleen Kontseilua osatzeko.