Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Lotsagabeen hitzordua

Zurrunbiloa sortu dute Txekiar Errepublikako Lehen ministroak Nelson Mandelaren hiletari buruz esandako hitzek. Mikrofonoa itzalita zegoelakoan, Hegoafrika «lekutan dagoela» arrazoituz, hara joateko gogo falta adierazi zuen Jiri Rusnok. Askorentzat mingarriak izan diren hitz hauek ordea, hutsaren pare dira nazioarteko beste horrenbeste mandatarien presentziak berak adierazten duen lotsagabekeriaren ondoan.

Rajoy; zure diskurtsoan Espainiak Munduko Futbol Kopa irabazi zueneko unea gogoratzea erridikulutzat jo dute askok, baina zeri buruz hitz egingo duzu? Afrikarrak Europara sar ez daitezen zure gobernupean altxatzen diren aiztodun alanbre-hormei buruz? Edo erakunde politiko baten kide izateagatik zure kartzeletan preso diren herritarrei buruz akaso?

Hollande; Afrikan zinela, bururatu al zitzaizun Malira soldadu frantsesak bidaltzearen arrazoiaz eta interesez aritzea? Edo Frantziatik errotik ezabatu nahi dituzun herritar ijitoez?

Obama; «Mandelak, gatazkarik ez den mundu bat aukeratzen erakutsi zigula» esan zenuen aho betez. Zuk, munduaren salbatzaile sentitzen zaren paperetik, ahaztu duzu militarki zure mende izan nahi dituzun herrialdeak izendatzea edo Mandelak salatu zuen Palestinaren apartheida gero eta krudelagoa egiten duen Israeli dakarkiozun babesari buruz aritzea.

Irakurri eta entzun dut azken egunotan, Europatik arraro egiten zaigula heriotza baten aurrean dantzak, kantak eta poz algarak ikustea. Nelson Mandelaren hiletetara bildu den lotsagabe kuadrilla ikusita, hobe du Hegoafrikak eta duintasuna duen edozein herrik ozen abestea.