IKUSMIRA
IKUSMIRA

Uruguain marihuana legala, erabaki zuzena

Senatuak Gobernuaren planari oniritzia eman ostean, Uruguai da marihuana landatzea, saltzea eta kontsumitzea legalizatu duen munduko lehen estatua. Lege berriaren arabera, 18 urtetik gorako uruguaitar orok hilean 40 gramo erosi ahal izango ditu eta, Jose Mugicaren gobernuaren hitzetan, neurri honekin droga kartelen boterea mugatu eta porrot egin duen «drogaren aurkako gerraren» alternatiba eskaini nahi da. Erabaki zuzena da Uruguain harturikoa, alkoholak eta tabakoak baino osasun arrisku gutxiago dituen substantzia debekatzeko politikek eraginkorrak ez direla eta sozialki aski mingarriak direla erakutsi baitute.

Marihuanaren ilegalizazioaren defendatzaileen esanetan, debekuak kontsumoa murriztu eta biolentzia eta kriminalitatea mugatzen ditu. Ebidentzien argitara, baina, argudio horrek oinarri kaskarra du. Errepresio eta kontsumo mailek elkarrekikotasunik ez izateaz gain, debekuak biolentzia elikatzen duela frogatu da, urrutira joan gabe, Mexikon, azken lau urteotan «drogen aurkako gerran» izan diren 30.000 hildakoek erakusten duten bezala. Europan indarrean den deskriminalizazioa -edukitzea onartu eta produkzioa zigortu- baino harago doa Uruguai eta ondorioak oso onak izango ditu. Merkatu legalak kalitatearen kontrola bermatzen duelako. Sozialki eta osasun publiko mailako onurak asko eta txalotzekoak direlako.