Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

A-9, «independència»

Urratsak egiteko, batez ere urrats handi eta emankorrak egiteko, konpromisoak behar dira, baita sakrifizioak ere. Bestela esanda, tortilla egiteko arrautzak hautsi behar dira

Ustekabean, kasik itxaropena galtzen hasia zelarik, herri kontsultaren data eta galderak zehaztu dituzte, behingoz, Katalunian. Ziurrenik, ez da erraza izan eta adostasun honetara iristeko izugarrizko ahaleginak egin behar izan dituzte, bidean zerbait utzi dutelarik. Baina lortu dute eta erabaki honek urrats erraldoia ekarri du.

Bidean zerbait utzi dutela idatzi dut eta berriz ere errepikatuko dut. Urratsak egiteko, batez ere urrats handi eta emankorrak emateko, konpromisoak behar dira, baita sakrifizioak ere. Bestela esanda, tortillak egiteko arrautzak hautsi behar dira. Hainbatendako hori itsusia da, beraiek -nonbait- arrautzak hautsi gabe egiten baitituzte tortillak, baina mundu errealean gauzak halakoak izaten dira. Katalunian abiatutako bidea eta, zehazki, orain lortu duten akordioa, ezin dira ulertu politikaren ika-mikak, kontraesanak, miseriak, kalkuluak, botere lehiak, interes txalogarri eta penagarriak aintzat hartu gabe. Arrazoi eta joera aunitz nahasirik gertatzen dira aurrerapen historikoak, baina, sakonean, egindako urratsaren garrantzia hartu behar da aintzat, beste guzia ahantzi gabe, baina azterketaren lehentasunak eta puntu garrantzitsuenak argi izanda.

Askotan, lohiz zikindu behar dira eskuak beste eskuekin lotu ahal izateko. Akordioek arriskuak onartzeko baldintza eskatzen dute eta hori eragile eraldatzaileen erronka da. Errazago izaten da purismoaren habia gozoetan gelditzea, fosilizatutako oinarriekiko leialtasunean murgilduta, baina aterpean geldituta ez dago posiziorik irabazteko aukerarik.

Oraingoan ere, irakurriko dugu burgesia katalanak ezkertiarrak seduzitu dituela murrizketak eta oro har agenda neoliberala ezkutatu eta apustu faltsuetan erortzeko. Herriak behartu du Mas, berriz, eta ez alderantziz. Herria da benetako protagonista Katalunian, egoeraren kudeaketan lidergo lehia nabarmena badago ere. Horri, azkenean, politika deitzen zaio. Eta klase borroka ere bai, baina ez liburu marduletan agertzen den mitifikazioa, egunoroko mundu konplexu eta nahasiaren araberakoa baizik.

Estatu osora zabaldutako aukera ireki dute Katalunian, ezker eragile batzuek baliatu beharko luketena. Erregimenaren krisia areagotzen ari da Katalunian POLITIKA egiteko gai izan direlako. Guretako ere aukera da, eta jokaera bizkorrena aukerak baliatzea da, ez diagnostiko boluntaristen araberako fantasietan murgiltzeko, baizik eta egoera honek eskaintzen diguna profitatzeko.

Catalanitis olatua abiatuko da, ziurrenik, oraingoan ere. Batzuek aukera baliatu beharrean flagelaziora ekinen diote, berriro. Heldutasunik ezak halakoak ekartzen ditu, tamalez. Jarrera hauek, gainera, norberaren konpromiso hutsuneak eta ezintasunak mozorrotzeko balio izaten dute.

Kataluniakoak gure miseriak, zailtasunak, gabeziak, ezintasunak, akatsak eta oztopoak agerian uzten dituen berean, gure indarra, asmakizun estrategikoak, herriaren dentsitatea, heldutasun politikoa, sendotasun ideologikoa eta ausardia ere nabar- mentzen ditu. Koloreetako errealitate konplexua, argazki zuri-beltzetan atzematen ez dena.

Oraingoan, Kataluniatik dator beste lurrikaretarako aukerak biderkatzen dituen lurrikara. Balia ditzagun aukera horiek!