Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Etnikoak izan beharraz (I)

Punk feminismoak gaiaren inguruan, artearen, musikaren zein literaturaren bidez punk mugimenduari lotu zaizkion hainbat emakume, gazte zein ez gazte, langile klasekoak guztiak, bakar bat ere ez zuria, bildu ziren aurreko astean. Bi egunez punkak beren jarduera artistikoan eta maila pertsonalean izan duen eraginaz mintzatu ziren; patriarkalismoari, arrazakeriari eta kapitalismoari aurre egiteko estrategiak eztabaidatu zituzten, baita etorkizunean elkarlanean aritzeko aukerak aztertu ere. Testu errezitaldi eta musika emanaldi batekin amaitu zituzten topaketak. 1970ko hamarkadan Los Angelesen sortu zen Bags eta Kubako Las Crudas taldeen doinuek punk eta hip hop-aren arteko ahizpatasuna hitzartu zuten.

Gai eta eztabaida interesgarri asko sortu ziren bi eguneko topaketa horietan, baina arreta gehien deitu zidana beltzek punkarekiko izan duten harremanaren historia izan zen. Hizlarietako batek, afroamerikarra berau, aipatu zuen gaztetatik rockak eta punkak erakarrita sentitu zela eta horrek lagunen zentsura eragin zuela. Beltz batek ezin du punka gogoko izan, esaten zioten, ez delako beltzen musika. Berak, baina, punka entzuten jarraitu ez ezik, talde bat ere sortu zuen. Behin antropologia ikasketak amaituta, punkaren garapenean beltzek jokatu duten rola ikertzeari ekin zion eta blog bat sortu zuen aurkitutakoa publikoari helarazteko. Antza, 1970ko hamarkadan punkak jarraitzaile asko zituen AEBetako afroamerikarren artean, baina komunitate barruko eta kanpoko presioen eraginez punka baztertu egin zuten. Talde gutxi batzuek iraun egin zuten, gehienek Detroit inguruan.