Maider IANTZI
SANTA LUTZI FERIA URRETXU-ZUMARRAGAN

Ikuskizuna, tratua eta festa, leporaino betetako kaleetan

Ostirala izanik, gogo bereziz itxaroten zuen jendeak Urretxu eta Zumarragarrako feria, eta goizean goizetik lepo egon ziren kaleak, herri giroz, irrika berezi horretaz beteta. Zaldi handiek eta gainerako animalia dotoreek erakarri zuten beharbada arreta gehien. Ez dakigu zer edo zer ulertuko zuten, baina denetariko komentarioak aditu zituzten.

Trena gainezka zihoan Santa Lutzi feriarako bidean; hasieran sartu zirenek eserita egin zuten bidaia; gainerakoek, ordea, zutik, sardinak bezala estututa. Iristean, geltoki ondoko kafetegian -hau ere goraino beteta- aipatzen zuten gisan, abereak deseroso egonen ziren itxituren artean, baina garraio publikoan etorri ziren lagunak ere antzera.

Kafetegitik gora Urdaneta hiribidera jo eta orduak erraz pasatzen ziren abereei begira, ikusgarriak baitziren, lehenengo aldiz azoka hau bisitatzen zuenarentzat behintzat zoragarriak... eta erraldoiak! «Arraioa! Kristona da, e! Ze dotorea! Ez dik burua behean, e!». Halako aipamenak egiten zituen pasatzen zen denetariko jendeak zaldi lepatenteei begira. Haur eta helduek ukitu eta argazkiak egiten zizkieten sakelakoarekin.

Halere, gauza bat da kaletarren ikuspuntua eta bertze bat, baserritarrena. Amaia Urrestarazu Idiazabalgo Olazagibel baserriko alaba beren mendiko zaldien ondoan zegoen. GARAri agertu zionez, Zumarragara ekarri baino lehen ongi zaindu, elikatu, garbitu eta orraztu zituzten. Azaldu zuenez, «forman egotea» garrantzitsua da. Horren adierazle dira, adibidez, gorputzarekin proportzioan buru txikia izatea, hanka labur eta sendoak, eta izterretako bolak markatuta.

Abeltzainaren lana

Emakume bat hurbildu zitzaion galdezka ea «maitte-maitte» egiten uzten zuen eta Urrestarazuk odol bizikoa zela abisatu zion. Laztandu, eta gustatu zitzaiola ematen zuen, hala ere. Osaba, aita eta hiruren artean zaintzen dituzte hogei bat behor eta bakoitzak «bere» abereak ditu. Alabak bere lanbidea du baserritik aparte, baina bertako lanaldia bukatu eta egunero izaten du zeregina, batez ere neguan, abereei jana ematen. Hauei berdin zaie lan edo jai eguna den. Botikak ere ematen dizkiete bi urtean behin, zizareen kontrakoak adibidez; hagitz garrantzitsua da hori.

Olazagibel baserriko gazteak jakinarazi zigun bezala, sarituei xingola gorriak jartzen zizkieten lepotik zintzilik eta aurrera egin ahala halako zintak ikusten hasi ginen: Arantxa Eizmendi amezketarraren behorrean, Patxi Legarraren haragitarako aberean...

Ikusmiran zebiltzan Unai, Mikel, Gaizka eta Aritza zeanuritarrak, eta traturen baten usainean ere bai. Umeak eskolan utzi ondoren ailegatuak ziren festara. Gosaldu, eta animalien artean zebiltzan, eurak ere ganaduzaleak direlako eta gustuko dituztelako, eta gero bertze gosari bat egitera zihoazen.

Tratu on bat lortzeko, nahi den prezioa lortzen ez bada, pixka bat itxaron, ea animalia saltzen den ikusi, eta saltzen ez bada berriro saiatzea gomendatu zuten. Parajearen arabera animaliak desberdinak direla ere komentatu zuten: «Feria honetako abereak handiagoak dira, baserri inguruan ibiltzen direlako; Gorbeia aldekoak, aldiz, mendietan ibiltzen dira gehiago, eta txikiagoak dira».

Begi urdineko moxala

Batzuk ostiko eta pullankaka zebiltzan, agian goiz osoa beren lekutik kanpo egoteagatik estututa. Beltzaranak zeuden, ilehoriak eta gaztain kolorekoak. Zenbaitek izena eta jaiotze data jarria zuten ohar batean, aitaren eta amaren izenekin batera. Adibidez: «`Txuli', behorra, 2012-05-01. Aita: `Potto'. Ama: `Kataska'». Halako batean oihu bat aditu zen: «Lekua! Lekua!». Zaldi talde bat pasatu zen arrapaladan, manifestazio azkar bat bezala.

«Begiratu, begiratu lurrera, kristalak daude-eta!», abisatzen zien gizon batek bere adiskideei, animaliak, ezin hobeki garbituagatik, animaliak baitira.

Hori gertatu zitzaion Etxebarriko Jon Andoni Duralderi bere moxal parearekin. Bezperan garbitu, baina gauean iraulka ibili ziren eta goizerako zikinak zeuden berriro. «Alferrik da!», zioen. Polit-politak ziren moxalak, pena pixka bat ematen zuten biak behera begira, beldurtuta edo aspertuta agian. Batek begi urdinak zituen. Bere amak begi bat omen zuen urdina.

Duraldek ondoan zuen lagunak bost abere salduak zituen Galiziara; berak, ordea, oraindik bat ere ez. Moxal emea 250 euroan eskaintzen zuen eta arra, 50ean, ongi joanez gero emeak urtero ematen duelako moxaltxo bat. Solasean ari ginela gizon bat hurbildu zitzaion galdezka eta 45 euroan erosi nahi izan zuen arra. Baina abeltzainak ezetz, 50 baino gutxiagoan ez zuela salduko, horretarako nahiago zuela etxera bueltan eraman.

Hamabi ditu etxean eta kontatu zigunez, ez diote lan handirik ematen. «Dirurik ere ez, baina lanik ere ez». Gainean egon behar da, ihes egin dezakete, baina zelaiak garbitzen dituzte.

Xabier eta Joxe tertulian ari ziren besoa itxitura gainean jarrita. Bat Zumarraga bertakoa, berak erran zuenez, «ikusle soila», eta laguna, Itziarko nekazaria. «Tratua bidean egoten da beti; ideiak ongi bukatzea da zaila», aitortu zuen honek. Moxal batzuei botata zien begia. Bertze lagun bat sartu zen elkarrizketan, astoa zenbat bizitzen den galdetuz. «Kotxe bat bezalakoa da hori! Ezin da jakin», Joxeren erantzuna.

Kritika bat plazaratu zuten Xabierrek eta Joxek: «Gero eta animalia gutxiago ekartzen ari dira. Ea konturatzen diren goikoak zertan ari diren». Euren aburuz, abereak ekartzeko baldintza gehiegi eskatzen dituzte eta gastuak gehiago izaten dira animaliek balio dutena baino.

Urdanetatik Zumarragako plazara jo genuen, denetariko makina, tresna, janari eta arropen artetik, jendetzaren barrenean bidea irekiz. Plazako arkupeetan trikitilarien doinuekin sartu eta menta usaina sumatu genuen segituan. Han zeuden, bertze aunitzen artean, Edurne Astigarraga eta Mariñe Arbeo Agina auzoko Martinmuno baserriko ama-alabak.

Martinmuno baserria

Eskualdeko baserritarren eta ekoizleen lanaren balioa ageriago jarri nahi duen Bertatik Bertara proiektuaren partaide dira Martinmuno baserrikoak. Mahai luze batean txukun-txukun jarritako produktuen errepasoa egin zuen amak; izugarrizko aukera zegoen, dena bertan ekoiztua. Aurrena, inguruko belarrak, duela hamabost bat egun bilduak: oreganoa, Santiago belarra, pasmobelarra, berbena belarra... Azaldu zuenez, jendeak ez daki, adibidez, oreganoa autoktonoa denik. Kalabaza, kalabazina, zerbak, eskarolak, kardoak, porruak, azenarioak, alkatxofak, bertako artoaren ernamuinak, alpaparenak, brokolia... Dena lur zabalean ekoitzia, ez baitute negutegirik.

Ikusle batek jakin nahi izan zuen zergatik ez ziren azenarioak lisoak. Astigarragak nabarmendu zuen euren barazkiak ez direla «perfektuak», baina bertakoak direla. Bere produktuak ekologikoak dira, baina ez dute zigilurik, ez delako zigiluzalea. «Mineral batzuk botatzeko eskatzen dute zigilua izateko eta niri iruditzen zait inguru bakoitzak bere mineralak dituela. Guk antzina bezala egiten dugu, modu tradizionalean», azaldu zuen.

Larunbatero saltzen dute azokan. Gizona eta biak ibiltzen dira lanean batez ere. Sei letxuga behar badituzte, hamabi landatzen dituzte, barraskiloak kontuan hartuta. Berdin oiloekin, azeriak ez bada zapelatzak jaten dizkielako.

Erosten ari zitzaien jendea gehienbat baserrikoa zen, produktu hauek txikitatik ezagutzen dituena. Bertako artoa eta arto irina ere majo saltzen ari ziren, herritarrek baloratzen dituztelako. Oharkabean pasatu ohi diren arren, Edurne Astigarragarentzat altxorra dira perrexila, apioa eta arkupeetan sartzean usaindu dugun txortaloa (poleo menta) ere.

Areizaga-Kalebarren plazan, oilasko eta kapoi sariketa egin zuten. Kapoien artean arraza arrunta eta euskal arrazakoak zeuden, dotoreak eta handiak biak, kaiola osoa betez beren kolore laranjarekin. A ze besta, belarra mokora emanez jostatzen ziren umeentzat!

«Bertatik bertara»

Bertatik Bertara egitasmokoek karpa muntatua zuten. Show cooking egin zuten Sonia Tapiak gidatuta. Lau sukaldari ibili ziren jendaurrean pintxoak prestatzen: Juanma Hurtado, Iker Markinez, Joseba Izagirre eta Eloi Iartza. Jendeak parte hartu zuen eta ongi joan zen. Bertsolariek ere kantatu zuten giroa berotzeko. Hori bai, 12.30erako bukatu behar izan zuten, sukaldariek lanera joan behar zutelako laster batean.

Bostehun postu baino gehiago zeuden Urretxu eta Zumarragakoak zenbatuta. Ezin dena ikusi, eta aukeratu egin behar, beraz. Hotz handia egiten zuen, baina giroak ez zuen horrekin zerikusirik. Horren adibide, Iparragirre plaza.

Karpa handi bat zegoen muntatuta Iparragirren, eta kanpotik ere jendez gainezka zegoela sumatzen zen. Barrenean zer ote zegoen jakin-minez sartu ginen eta bi berogailuren bueltan bilduta ikusi genuen jendea. Eskuetan, denek ardo kopa bana.

Mañuetako Artuke bodegakoak, adibidez, jo eta ke ari ziren txikiteoan zebiltzan lagunei kopak zerbitzatzen. Dozena bat urte baino gehiago dira hona etortzen direla eta bertzetan ere bete-beteta egon ohi dela oroitzen zuen semearekin batera barraren gibelean zegoen Conchi langileak. Beren ardoa gaztea da, erraza, eta aroma freskoa, fruitu gorriena, du ezaugarri.

Bazkalordua zen. Urdaneta kalean itxi zituzten ukuiluak eta zaldiak eta gainerako animaliak kamioietan eraman zituzten. Batzuk beren lehengo jabeekin itzuliko ziren; bertzeek, etxe berri bat izanen zuten zain. Sariak ere banatuta zeuden dagoeneko: abereenak, eztienak, oilasko eta kapoienak, ardoenak, fruta eta barazkienak... Poteoa gelditzen zen, txokolatezko talo bat, jendearekin harremanetan jarraitzea eta festa egitea.