IKUSMIRA
IKUSMIRA

Hizkuntza Gutxituen Kartaren berresteko asmoa, zuhurtzia handiz hartzeko proposamena

Aspaldi handian galdatu eta igurikatu Europako Hizkuntza Gutxituen Kartaren berrespenaren alde agertu da Jean-Marc Ayrault Lehen ministro frantsesa, proposamen hori Asanblea Nazionalera berriro eraman eta Konstituzioa aldatzeko prest dela erranik. Itun horren berrestea urrats bat izanen litzateke frantses Estatuak euskal eta bertze anitz hiztunen eskubideen aitortzeko bidean, oinarrizko urratsa; alta, hainbatetan bezala, albistea zuhurtziaz hartzea komeni da. Izan ere, Euskal Konfederazioak Parlamentuan aurkeztuko duten lege proposamenaren berridazteko galdatu du, eskualde hizkuntzen aldeko legearen itxurapean haien aurkako aldaketa izanen ez dela ziurtatzeko. Hots, Ipar Euskal Herriko euskal hiztunek, herritar gehienek bezala, euskararen eta bertze hizkuntzen estatus juridikoaren aldatzea nahi dute, noski, baina haien egoera hobekitzeko, haien hiztunen eskubideen errespetua bermatzeko, hain zuzen. Zuhurtzia, hortaz, iragarpenaren emaitza ikusi artean, areago aurrekariak ikusirik. Aurrekarietarik bat François Hollande presidentearen promesa bete gabea da. Hark Karta berretsiko zuela promes egin ondoren, ez berrestea erabaki baitzuen Gobernu frantsesak.