GARA

Olentzerok ikatza ekarri dio Adegiri Metalgintzan duen jarrera salatzeko

Olentzeroz jantzitako pertsona batek ikatza utzi zuen atzo Adegik Donostian duen egoitzan, enpresarien elkartea Metalgintzako hitzarmenaren inguruan erakusten ari den jarrera salatzeko. «Gipuzkoa guztia prekarietatera kondenatu» nahi izana leporatu zion.

LAB sindikatuak aurrera jarraitzen du Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmenaren alde eta Madrilgo lan erreformaren aurkako ekitaldiekin. Atzo, sindikatuko ordezkari talde bat Adegi patronalaren egoitzara joan zen, Olentzeroz jantzitako kide batekin, egoitzaren atarian ikatza botatzeko.

Urte osoan zehar, eta bereziki uztailaren 7az geroztik Adegik izandako jarrera dela-eta haserre azaldu ziren. Olentzeroz jantzita zegoenak adierazi zuenez, «jaso ditut gutun ugari, Gipuzkoako metalgintzako langileenak, eskatuz herrialdeko hitzarmena. Eta bestalde -jarraitu zuen- jaso ditut gutun gutxi batzuk Adegiko kideenak, eskatuz Madrileko lan erreforma Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmenean sartzeko. Nola onartuko du Olentzerok Madriletik erreforma hona ekartzea?», galdetu zuen haserre.

Horregatik, Adegiren egoitzan ikatza uztea erabaki zuela azaldu zuen, «besterik merezi ez duelako» eta bere jarrerarekin «Gipuzkoa guztia prekarietatera kondenatu nahi duelako». Horregatik, gainera, aurten haurrentzako «inoiz baino opari gutxiago izango dela» aurreratu zuen.

LAB sindikatuak dioenez, negoziazio kolektiboaren arazoa ez da lan arazo hutsa, politikoa eta soziala baizik. Izan ere, bere iritziz, «Euskal Herriak ez du etorkizunik izango, industriak duen pisua kontuan hartuta, bere interesak babestuko dituen legeriarik gabe. Eskubiderik gabe ez dago kalitatezko industriarik, ez eta etorkizunik ere. Hitzarmen kolektiborik gabe txirotasuna eta desberdintasunak gero eta handiagoak izango dira», ohartarazi du.

ELA Gasteizen

ELAko delegatuek, bestalde, batzarra egin zuten atzo Gasteizen eta ondoren Laminaciones Arregui enpresako manifestazioan hartu zuten parte. Bertan, Txiki Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak alderdi politikoak salatu zituen enpresarien eskakizunei men egiten dietelako, eta horrek baldintza sozialen gainbehera ekarriko duelako.

Confebaskeko presidente den Miguel Angel Lujuari erantzunez, «langileen eskubideak eta soldatak bost axola zaizkiola» esan zuen Muñozek, «bere sakelak diruz beteta dituelako eta seme-alabak ikastetxe pribatuetara bidaltzeko inongo arazorik ez duelako».

Bere iritziz, «soldatak defendituz lanpostuak defenditzen dira, pentsioak, osasungintza edo hezkuntza».