GARA HAZPARNE

Euskarazko lehenengo filma Hazparneko Zinegin festibalean ikusi ahalko da

Ostegunean hasiko da Hazparnen Zinegin zinema festibala eta igandera arte iraunen du. Jaialdi horren baitan euskarazko aitzineko filma ikusi ahal izango dute bertaratutakoek, galdutzat ematen zena eta orain dela gutxi EHUko ikerlari Josu Martinezek aurkitu zuena.

«Gure Sor Lekua» Euskal Herriari buruzko ordu eta erdi irauten duen koloretako dokumentala da Andre Madre jeneral lapurtarrak diasporako euskaldunentzako egindakoa. Hazparnen estreinatu zen 1956an eta orain horren bertsio laburtua ikusi ahal izango da. Hitzordua abenduaren 20an izango da, 21.00etan, Haritz Barne zineman (duela 57 urte areto horretan bertan proiektatu zuten lehen aldiz).

Aurkitu den kopia mutua denez, ostiralean Joserra Senperena musikagile donostiarrak okasiorako espresuki konposatutako musikak lagunduko die irudiei. Partiturak Xare Laborategiko Hertz laukoteak interpretatuko ditu.