Aimar ETXEBERRIA DONOSTIA

Garraiolariek bidesarien proiektuaren aurka egingo dute Santo Tomas egunean

Aldundiaren proiektua kritikatu eta Santo Tomas egunerako mobilizazioak iragarri dituzte Gipuzkoako garraio sektoreko hainbat eragilek, Donostiara kamioiz joateko deia eginez.

Hiru sindikatuak eta Guitrans garraio munduko patronalak, herrialdeko beste hainbat kooperatibarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideen finantziaziorako aurkeztu duen foru arau proiektuaren aurkako mobilizazioa iragarri zuten atzo prentsaurreko batean. Santo Tomas egunean egingo dute protesta, eta Donostiara kamioiz joateko deia egin zieten herrialdeko garraiolariei. Deialdiaren izaera anitza ere azpimarratu nahi izan zuten, Gipuzkoako garraio arloko eragile ezberdinen deialdia dela adieraziz.

Aldundiko aurreko arduradunek -EAJri erreferentzia zuzena eginez- Bidegiren baitan sortu zuten zorra euren bizkarrera bota izana egotzi zieten garraiolarien ordezkariek Bilduren foru gobernuari, eta saiakera hori ez dutela onartuko gaineratu zuten: «Ez gaude zor hori ordaintzeko prest».

«Diskriminatzailetzat» jo zuten Foru Aldundiaren proiektua, eta gainerako erabiltzaileen betebehar berberak dituztela gogorarazi zuten, «baina baita eskubide berberak ere, eta defendatu egingo ditugu».

«Onartezina da Bilduk itxi duen zirkulua», kexatu ziren garraiolariak, hauteskunde garaian koalizio independentistak aurreko foru gobernuaren aurkako jarrera zuela gogorarazita; Etxegaraten bidesaria kamioiei soilik kobratzearen aurka, alegia. Hauteskunde ostean ere jarrera horri eutsi egin ziola onartu arren, «besteekin akordioa bilatzearren», Gipuzkoako errepide ia guztietan bidesaria jartzea proposatu izana gogor kritikatu zuten. «Argi dago diru-ku-txaren giltza daukanak beste era batera pentsatzen duela, bere lehentasunak aldatzen dituela eta agindutakoa ahazten duela», esan zuten, egun alderdi politiko guztiek darabilten jarrera dela aditzera emanez.

Batzar Nagusiei begira

Batzar Nagusietan Bilduk gehiengorik ez duela-eta foru araua aurrera eramaterik ez duela izango jakin arren, ez direla geldirik egongo ohartarazi zuten. «Ezin dugu atsedenik hartu, batzuek eta besteek irizpide bera dute, errepideak erabiltzeagatik guk, garraiolariok, ordaintzea nahi dute. Horrela, aldi berean, euren diru kontuak berdintzeko», azpimarratu zuten. Ildo horretan, haserre agertu ziren, kamioilariei kobratzea «arnasteagatik kobratzea» bezalakoa dela adieraziz. «Errepiderik gabe ezin dugu lanik egin; lanik egiten ez badugu, ezin jan; eta jaten ez badugu...», adierazi zuten.

Gauzak horrela, datorren larunbatean, Santo Tomas egunarekin, Donostiara joango direla jakinarazi zuten, «gure kamioiekin». 9.30ean irtengo dira Lasarte-Oriatik eta 10.30ean Donostiako Amara auzoan hedabideen aurrean adierazpenak egitea aurreikusten dute.

Bihar amaituko da epea Bilduren gobernuak aurkeztutako foru arau proposamenari alegazioak aurkezteko eta, dirudienez, hainbat izango dira, gaur arte, behintzat, ez baitu babesik lortu Bilduren foru gobernuak gai honetan.