IKUSMIRA
IKUSMIRA

Irakasleen eta D ereduaren aldeko konpromisoa, jukutriaren aurkako herri babesa Nafarroan

Nafarroako hainbat irakasleren kriminalizazioaren aurka, euskarazko irakaskuntza susmopean paratu dutenen aurka, pentsaera ere kontrolatu nahi dutenen aurka, herritarren babesa erakustera deitu zuten atzo hainbat eskolatako ikasleen gurasoek. Guardia Zibilaren txosten batek seinalaturiko irakasleen lana onetsi eta beren babesa agertu zuten, eta hainbat eragile eta elkartek bat egin zuten guraso horien adierazpenarekin. Gaur, D ereduarekiko konpromisoa agertuko dute Iruñeko karriketan. Izan ere, babes hori oso garrantzitsua da horrelako erasoa jasan duten irakasleentzat, baina baita euskarazko irakaskuntzarentzat ere. UPNren Gobernuak, beharbada, uste zuen txosten zital horrek bere ibilbide bakarti eta lotsagarria estaltzeko, arreta desbideratzeko, balio izanen zuela, baina bistan da herritarren begietan are bakarti eta lotsagarriago agertzea baizik ez duela lortu.

Txalotzekoa da eskola horietako gurasoen jarrera, txalotzekoa harekin bat egin duten guztiena, irakasle horiek ez daudela bakarrik argi utzi baitute. Bide batez, Barcinaren Gobernuaren bakardadea nabarmenago ageri da, hala Parlamentuan nola Nafarroako gizartean.