N. BELASTEGI DONOSTIA

Lauaxeta, Lizardi eta Leteren poemak bildu dituzte Lertxundik eta Valverdek «3L» DVDan

Anjel Lertxundik eta Antton Valverdek Lauaxeta, Lizardi eta Leteren poemak biltzen dituen DVDa kaleratu dute eta atzo aurkeztu zuten Donostian. «3L» (Pamiela) lanak irailean eskainitako ikuskizun baten irudiak biltzen ditu.

Proiektua Xabier Lete hil eta gutxira sortu zen Valverderi Iruñean Leteren inguruko errezitaldi bat egitea proposatu baitzioten, aurretik bere poemak musikatu izan zituelako. «Nagi samar zegoen lana bakarrik egiteko eta eskatu zidan elkarrekin zerbait antolatzeko», azaldu zuen Lertxundik. Honela konturatu ziren lagun onak izateaz gain, beren arteko konplizitate artistiko bat ere bazegoela. Valverdek Leteren poemez aparte, Lizardi eta Lauaxetarenak ere musikatu zituen, eta Lertxundik horien inguruko ikerketak egin zituen; beraz, bien jakintzak elkartzea izan zen jada saltokietan dugun DVDa sortzeko lehen pausoa.

Valverderen esanetan, hiruzpalau kanta izan ezik, gainerakoak aurretik landu zituen, baina, hala ere, «nagitasuna alde batera utzi eta lan pixka bat» egin zuen. Hala, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan urtero udazkenean ospatzen diren «Poesia orduak» jardunaldien baitan eskaini zuten lehen aldiz «3Lak» ikuskizuna eta hori grabatu zuten. 2014. urte hasieran Gasteizen eta Iruñean ikuskizun horrekin izango direla iragarri zuten bi lagunek, oraindik egunik zehaztu ez duten arren.

Lertxundi eta Valverde hain gustura aritu dira lanean, ezen aurrerantzean ere antzeko proiektu bat garatzeko asmoa baitute. DVDan autobusean egindako bidaia baten berri ematen duen Rikardo Arregiren poema bat ere errezitatzen dute, Lizardik trenean egin zuen bidaia aitzakiatzat hartuz. «Gaurko poesia aztertzen ari gara orain. Arregiren autobusetik gertuago gaude Lizardiren trenetik baino», aitortu zuen Lertxundik.

Oteizarekin hasitakoa

Pamielako editore Joxe Anjel Irigaraik azaldu bezala, «3L» Littera&musika bildumako 10. alea da. Hau Oteizaren inguruko argitalpen batekin hasi zen eta azken urteetan Gipuzkoako Aldundiaren babesa izan du proiektuak aurrera ateratzeko. Kaleratutako azken lanak Leteren ingurukoa eta Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruzaren emanaldi batekoa izan dira. «Sorkuntza hauek ez dira best sellerrak, baina ez ditu aireak eramaten; gelditu egiten direnetakoak dira», aipatu zuen editoreak.