GARA

Udalbiltza eta EEP elkarlanerako prest, Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko

EEPko lehendakariak bilkura egin berri du Udalbiltzako ordezkaritza batekin. Ipar Euskal Herrian ere euskara sustatzeko bi erakundeen arteko lankidetzarako aukerak aztertzea zuen xede topaketak. Datozen asteetan proposamen zehatza aurkeztuko dio Udalbiltzak EEPri.

Bere bost printzipioen baitan euskararen transmisioa eta erabilera, batez ere ofiziala ez den eremuetan, sustatzeko plangintzari helduta, Udalbiltzak bilkura eskatu zion Euskararen Erakunde Publikoari (EEP). Hala, bere presidente Frantxua Maitiak eta Bernadette Soule zuzendariak Mertxe Aizpurua, Nikolas Blain eta Daniel Oltzomendi hautetsiak hartu zituzten joan den ostiralean, Baionan.

Azaroan Lapurdiko hiriburuan bertan salatu zuen bezala, euskarak Ipar Euskal Herrian pairatzen dituen mehatxu eta erasoak «onartezinak» dira Udalbiltzarentzat. Alta, salaketatik harago «proposamen indar» izan nahi duen heinean, «ahal den neurrian, hizkuntza politikan eragiteko» asmoa ere baduela nabarmendu zuen.

Ildo horretatik, EEPrekin lehen harreman ofiziala izatea deliberatu zuen, eta ostiralean izan zuten bilkura. Bi erakundeen arteko lankidetzarako aukerak aztertu zituzten bertan, eta biak ala biak prest agertu ziren bide hori jorratzeko.

Beraz, datozen asteetan Udalbiltzak proposamen zehatz bat aurkeztuko dio EEPri, hurrengo hilabeteetan urrats praktikoetan gauzatzea espero dutena.

Hitzarmenak

Bestalde, atzo bertan Hazparneko, Mauleko eta Itsasuko herriko etxeekin euskararen erabilera areagotzeko orain artean eraman duen elkarlan esperimentala sakontzeko hitzarmenak sinatu zituen EEPk. Hainbat zerbitzu euskaraz eskaintzea eta teknikarien trebakuntza bultzatzea dira itun horien helburuetako batzuk. Bide beretik doazen beste hitzarmen batzuk ere formalki izenpetuko ditu datozen egunetan, besteren artean, Departamenduko Laborantza Ganberarekin eta hainbat eskola eta haurtzaindegirekin.