IKUSMIRA
IKUSMIRA

Danobat: albiste ekonomiko on eta egiazkoa

Mondragon taldeko kooperatiba batek oraindik orain behea jo izana oso albiste txarra izan zen, eta zenbaitek eredu kooperatiboa zalantzan jarri zuten. Talde bereko beste kooperatiba batzuek, ordea, krisia gorabehera, jardun eraginkorrean jarraitzen dute. Horietako bat DanobatGroup da, atzo jakinarazi zuenez, Euskal Herriko makina-erremintaren sektorean -baita Estatu espainolekoan- inoiz izan den kontraturik handienak lortu ditu-eta; denera, 103 milioi euroren eskariak. Hiru kontratuetako bi meatzaritza sektorean munduan aitzindari diren Australiako bi enpresarekin egin ditu, eta hirugarrena, Indiako enpresa batekin, denak ere trenak fabrikatzeko makinak egiteko. Horrek, eta kontratuak lortzeko Elgoibarko kooperatiba mundu mailan liderrak diren zenbait enpresarekin lehiatu izanak, espezializatzeko bere apustua zuzena dela erakusten du.

Albiste ona da, zalantzarik gabe, DanobatGroupen lorpena, areago euskal industria hain gogor kolpatzen duen egoera latzean. Albiste ona eta egiazkoa. Ez da usteak edo beharrak mozorrotutako aurreikuspena, ez balizko bilakaeraren ondorioz iragarritako emaitza. Egiazkoa baita kooperatiba horrek datozen urteetarako lortu duen segurtasuna. Administrazioek ere maiz iragartzen dituzte albiste ekonomiko onak, baina kontratuak erakustea falta izaten dute. Eta, batez ere, kudeaketa egokia.