Ritxi AIZPURU
MUSIKA ARGITARATZAILEA

Musikaren zoruak

Gizarte menderatzaileak beti adieraziko du zer nolako bizitza eraman behar den. Botereak ezarriko ditu bizitza ereduak, ertzak, aldi oro. Zerk balio zuen atzo, gaur edo bihar pentsamendu menderatzaile horri egokien datorkion modura. Ezin da hitz egin etika unibertsalari buruz ez bada etika menderatzaileak dakarkiguna, hor aurki daitezke nahi beste definizio desberdin eta kontrajarri. Boterearen etika. Menderatuoi eskatzen diguten etika ez diete euren buruei exijituko inoiz. Etika bakarra, beraz, menderatzaile ikuspegiarekin muturka ari zaiguna etengabe. Batzuetan menderakuntza oso agerian egongo da (nazismoa, faxismoa, stalinismoa...) eta, besteetan etika zuria, maltzurrena. Ideien nahierako errekuperazioa. Zoru etikoa terminoaren erabilera botereari interesatu izan zaion unean atera du plazara, euren etika irentsarazteko. Zoru etikoa asmatu dute belaunikarazteko demokratikoki, euren demokrazia hertsatzailearen ikuspegiarekin. Politika menderatzaileak esango digu etikaren beharrizanaz. Zergatik, beti, hiltzaileenak, hau da, edozein estatuk, derrigortu behar die etika gordetzea manukoei? Aho bete lerde geratzen zaie euren burua demokratikoena dela aldarrikatuz. Lege suntsitzaileak derrigorrez «errespetatzea», legea odolez betearaztea da. Zoru etikoa, lehenbizi ongi garbitu, aireatu, oxigenatu, eta landu ondoren emango du fruitu edo emaitzarik jator zein zintzoena. Oraingo eredu demokratikoan ezinezkoa da hori gertatzea. Etika ez da metatze-prozesua. Musikak ere badu zoru etikoa. Esne Beltza taldeko kideetariko bat, hasi berri zuen nerabezaroan zarata handiegia ari zen sortzen etxean gitarrarekin. Aita laster gogaitu zen, gitarra zoruan zutik landatuta aurkitu zuen hurrengo egunean gaztetxoak. Musikaren zoru horrek eman dio, bai, etekinik.