IKUSMIRA
IKUSMIRA

Gehiegizko antzezpena, igeldotarrei muzin eginda

Gasteizko Legebiltzarrak Madrilgo Gobernu Ordezkaritza desagerraratzea eskatu zuen aldi berean, Carlos Urquijok Igeldoren desanexioa bertan behera uzteko eskatu zuen epaitegietan. Ordezkari espainolak esandakoen arabera, eman lezake igeldotarren hobe beharrez ari dela beren borondatearen aurka eginez eta, bestetik, Gipuzkoako Aldundiak behartu egin duela Igeldo Donostiatik bereiztera.

Urquijoren adierazpenak eta gisako txiste txarrak bazter utzita, ordea, atzo Donostiako Udaleko oposizioak ez zuen igeldotarrek, gipuzkoarrek eta sen onak espero lezaketen gutxieneko seriotasunik erakutsi. Ez, behinik behin, beraiek aldarrikatu izan duten «seriotasuna», batez ere, eta egoera larriago eta presazkoagoetan, beste batzuek beraiek atzo egin zutena egiten zutenean. Juan Karlos Izagirre alkateak Igeldoko gaiaren gaineko ezohiko bilkura iragarria zuen arren, oposizioko taldeek desanexioaren gainean aurkeztutako proposamena -Aldundiaren dekretuari helegitea aurkezteko proposamena- eztabaidatzeari uko egin zionez, bilkura bertan behera geratu zen, EAJ, PSE eta PPko ordezkariek alde egin baitzuten. Hilaren 27rako ezohiko bilkura deituta dago; hala ere, oposizioak presazko bilkura eskatu du gaiaz eztabaidatzeko. Gehiegizko antzezpena dirudi jarrera horrek. Hobe lukete, gai honetan bezala beste askotan ere, horren ordez herritarren beharrei eta borondateari gehiago erreparatu.