Ainize BUTRON BAIONA

Elkarrizketaren bidea irekiko du Euskaltzaindiak egoera gainditzeko

Azken asteotan erakundearen baitan izan diren tirabirak izan zituen hizpide atzo Euskaltzaindiak, Baionako Euskal Museoan egindako Osoko Bilkuran. Ondotik, adierazpen ofizialean aho batez harturiko erabakien berri eman zuen. Besteak beste, Osoko Bilkurak Akademiaren baitan gogoeta aldia irekitzeko eta horretarako egutegia finkatzeko eskatu zion zuzendaritzari. Eztabaidak emanen dituen emaitzen arabera ondoko Osoko Bilkurara eramanen dute gaia.

Euskaltzainak banan-banan atera ziren atzo, goiz osoan Baionako Euskal Museoan egin zuten Osoko Bilkura bukatu ostean. Abenduaren 3an Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko kideek dimititu ondotik heldu zen atzoko bilera, eta, bukatu bezain laster, zuzendaritzak agerraldia egin zuen aho batez Osoko Bilkurak onetsitako adierazpen ofizialaren berri emateko.

Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu zuen hitza, eta bilkuran hiru puntu adostu zituztela jakinarazi zuen. Batetik, azaldu zuen Osoko bilkurak Zuzendaritzari eskatu diola Euskararen Akademia barruan «guztien arteko lankidetza areagotzeko» gogoeta aldia ireki dezala eta horretarako egutegia finka dezala.

Horretaz gain, Euskaltzaindiaren ustez batzorde guztiak «balio berekoak eta euskaltzain oso guztiak mailakideak» direla gogoratu zuen, «guztion artean egiten dugu Euskaltzaindia» erranez.

Azkenik, adierazpenak azken egunotako «tirabirak eta esamesak» aipatzen ditu, horiek ez direla ez Euskaltzaindiarentzat, ez euskararentzat, ez eta euskal kulturarentzat ere, mesedegarri nabarmenduz. «Artean ere ezadostasunak izan direnean, elkarrizketaren bidez gainditu dira», zehaztu zuten agirian.

Hamalau kideen dimisioa

Dauden ezadostasunen aitzinean, elkarrizketaren bidea hartu dutela argi utzi zuen atzo, beraz, Zuzendaritzak. Eta, hori urtarriletik goiti abiatuko dela zehaztu zuen Urrutiak. «Irekiko dugu elkarrizketa eta noraino iristen garenaren arabera, datorren Osoko Bilkurara eramanen da gaia. Osoko Bilkura da soberanoa Euskaltzaindiaren funtzionamenduan», zehaztu zuen.

Atzoko bilkuran Gramatika Batzordeko kideek parte hartu zuten. Hain zuzen ere, horiek abenduaren 3an aurkeztutako dimisioei dagokienez, ez dituztela «tratatu ere egin» nabarmendu zuen Euskaltzaindiko Zuzendaritzak.

Dimisioa, izan ere, zuzendaritzaren konfiantzarik ez zutela uste zutelako aurkeztu zuten batzordeko hamalau kideek. Pello Salabururekin batera, Iñaki Amundarain, Miren Azkarate, Piarres Xarriton, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Patxi Goenaga, Alan Kina, Itziar Laka, Maria Pilar Lasarte, Celine Mounole, Jose Antonio Mujika, Beñat Oihartzabal eta Pascual Rekaldek osatzen zuten batzorde hori.

Erabaki horren zergatia azaltzean, Pello Salaburuk esan zuen bere garaian Zuzendaritzari eginiko proposamenak ez zirela onartuak izan. Euskaltzaindiak gramatika erabilgarriago bat egiteko eskatu zion Gramatika Batzordeari, baina zehaztu beharreko irizpideak bere kontu izatea nahi zuen Batzordeak.

Jean Haritschelhar omendu dute Baionan

Jean Haritschelhar omendu zuen atzo Euskaltzaindiak Baionako udaletxean egindako ekitaldi batean. Beñat Oihartzabal euskaltzainak hartu zuen lehenik hitza Jean Haritschelhar euskaltzain emerituaren hilberri txostena irakurtzeko. Haritschelharrek izandako ibilbide osoaren berri ematearekin batera, Euskaltzaindiko buru bezala eman zituen urteetan «lan garrantzitsua egin» zuela azpimarratu zuen. «Urte haietan Euskaltzaindiak, eta erran daiteke gaur egun ere, orduan erein ziren haziek ekarri uztari esker egiten dituela parte on batean bere oinarrizko lan akademikoak gure erakundeak», azaldu zuen. Jean Haritschelharrek egindako lanari jarraipena ematea besterik ez zegoela egiteko esanez bukatu zuen hitzaldia.

Andres Urrutiak mintzatu zen ondoren, eta, egungo Euskaltzaindiko buruak «sekula santan» ez duela Haritschelhar ahaztuko nabarmendu zuen. Ekitaldian Ipar Euskal Herriko euskalgintzako hainbat ordezkarik parte hartu zuten. Eta bukatzeko, bertan zeuden senideei artikuluak eta doluminak biltzen dituen liburua eskaini zieten oroigarri moduan. A.B.