Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Etnikoak izan beharraz (eta II)

Punk-a ez omen da beltzen musika. Hip- hop-a eta rap-a, aldiz, bai. Zuriei ez zaiei eskatzen zurien diren kontuei buruz ikertzea eta idaztea. Halako jarrera arrazistatzat joko litzateke.

Punk eta afrikar amerikarren arteko harremanaz (batak besteari egindako ekarpenaz) mintzatu zen irakasleak esan zuen bere ikerketa bideratzen ari zela aurreriritzi askori egin behar izan zizkiela aurre. Bere familiak eta lagunek ezin zuten ulertu nolatan emakume beltz bat aurki zezakeen (eta dezakeen) punk bezalako mugimendua interesgarria ez delako «beltz» musikatzat jotzen. Bere lankideek, zuriak gehienak, ez zuten jarrera ulerkorragorik agertu, eta punk-a alde batera utzi eta bere arreta hip-hop eta rap-era bideratzeko aholkatu zioten. Tesia bukatu, gaiaren inguruan zenbait artikulu argitaratu eta sariren bat edo beste jaso ostean, oraindik ere lelo bera entzun behar duela aitortu zigun. Punk-a ez omen da beltzen musika. Hip-hop-a eta rap-a, aldiz, bai. Zuriei ez zaiei eskatzen zurien diren kontuei buruz ikertzea eta idaztea. Halako jarrera arrazistatzat joko litzateke. Aldiz, beltzek (eta minoriek) beren gaiez bakarrik aritu daitezke. Beste era batera izanda, «etnikoki» jokatzeko eskatzen zaie. Eta zer da etnikokoki jokatzea? Zuriek (eta kultur dominanteak oro har) exotikotzat jotzen duen hori, errealitatearekin bat ez etorri arren.

Duela gutxi beste antropologo batek, AEBetako mendebaldera emigraturiko zenbait talde ikertzen aritu dena, talde horietako belaunaldi gazteek «etnikoki jokatzeari» uko egitearen galerez mintzatu zen. Galerak berarentzat, jakina, ikergairik gabe geratu direlako bera bezala gutxiengo etnikoak sinplifikatu nahi dituzten horiek. Beltzei bezala gutxiengo etnikoei ere punk-a debekatua zaie. Baina nik punk-a maite dut eta ez diot hari uko egingo.