GARA

Lasserrek eta Etchetok Parisekin egin bilera baikorki hartu dute

Jean-Jacques Lasserre eta Jean Baptiste Etcheto, Hautetsien Kontseiluko burua eta Garapen Kontseiluko lehendakaria hurrenez hurren, Parisen bildu ziren joan den asteazkenean Philippe Yvin, Jean-Marc Ayrault lehen ministro frantsesaren aholkulariarekin.

Azaroaren 20an Ayraultek bi lehendakariei bidalitako gutunaren ondorioz egin zen bilkura, eta instituzioaz eta ondoko lurralde planaren gauzapenaz mintzatu ziren bereziki.

Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko lehendakariek bileraren ondotik plazaraturiko agirian positibotzat jo zuten elkarrizketa eta, Parisekin solasean jarraitu behar dela azpimarratu zuten, bereziki 2014-2020 kontratua gauzatzeko eta, etorkizunean Ipar Euskal Herria antolatzeko.

Halere, Ipar Euskal Herriko lurraldearen aldeko egitasmoak azken hogei urteotan ekarri dituen «aurrerakuntzak» eta «mugak» gogorarazi zizkioten Yvini, eta, ondotik Lurralde Elkargoaren sorreraren aldeko apustua azaldu zioten.

Horrekin batera, ministerio desberdinen adierazpen «mingarriak» eta Gobernuaren erantzunik eza aurpegiratu zizkioten, eta Ipar Euskal Herriarentzat «etorkizun instituzional» baten gogoetan jarraituko dutela jakinarazi zioten.

Udaberrian

Philippe Yvinek, bestalde, «Gobernuak Euskal Herriarekiko duen atxikimendua» gogorarazi zien bi lehendakariei eta, «ondoko udaberrian» erabakiak hartuak izanen direla azaldu zien. Lurralde Kontratuaren bidez zer heineko diru laguntza emana izanen den eta Europako fondoak nola banatuko diren azalduko dute bereziki.

Bileraren ondotik, lehentasuna 2014 eta 2020 urteen artean indarrean izanen den Ipar Euskal Herriko lurralde plana dela berretsi zuten Etchetok eta Lasserrek, hizkuntz politika, kultura, goi mailako ikasketak, etxebizitza eta laborantza direla gai nagusiak esanez.