GARA BILBO

Guggenheimeko boluntarioek hainbat ekitaldi egingo dituzte Arrigorriagan

Guggenheim Bilbao Museoak antolatzen duen Solasaldien Programa egingo da Arrigorriagako Kultur Etxean 2014ko urtarrilaren 14tik 28ra bitarteko astearteetan, arratsaldeko 18.00etatik 19.00etara. Arrigorriagako Udalak jakinarazi duenez, doako programa honetan, Bilboko museoko boluntarioek hitzaldiak eta tailerrak eskainiko eta dinamizatuko dituzte.

Museorako bisita

Jarduera horiek museoa bera ezagutzeko egingo den bisitaldi batekin amaituko dira.

Solasaldietan hainbat gai izango dituzte hizpide, hala nola Solomon R. Guggenheim Fundazioaren jatorria, arkitektura eta museoaren beraren bilduma eta aldi baterako erakusketak. Gainera, tailer praktiko bat ere egingo dute, parte hartzaile bakoitzak sormena garatzeko aukera izan dezan.