Arantxa MANTEROLA MAULE

Mauleko Credit Agricole banketxearen aurrean simaurra botatzeagatik hiru sindikalista auzitara

LAB, Solidaires eta ELB sindikatuek eta Euskal Herriko NPAk joan den maiatzaren 1ean egindako manifestazioaren barnean, simaurra zabaldu zuten Mauleko Credit Agricoleren bulego atarian protesta gisa.

Horren ondorioz, hiru sindikalista deituak izan ziren Jendarmeriara eta auzitan dira. «Jazarpen hori gelditzeko» modu baten bila, banketxeko zuzendaritzarekin bilera eskatu zuten. Zuzendariak bi baldintza jarri zizkien: batetik, berriz antzekorik ez egiteko engaiamendua idatziz hartzea, eta, bigarrenik, garbitasunaren kostuak (600-800 euro artekoak) beren gain har zezatela.

M-1eko antolatzaileek «xantaia» hori ez onartzea deliberatu dute aho batez. Proposamen horren gibelean, «isilaraztea, adierazpen askatasuna oztopatzea eta, areago, eskubide sindikal, politiko eta demokratikoak trabatzea» dagoela irizten diote.

Protesta

Horiek horrela eta jazarpena berehala eten dezan exijitzeko, larunbatean elkarretaratze bat egin zuten banketxe beraren aitzinean, hainbat herritarrez lagunduta.

Nabarmendu zutenez, «populu xehe eta laborarien bizkar sosa egin duen banku batek», «gure lurraren kaltetan espekulatu eta langile zein laborariak itotzen dituenak» ez du onartzen inork bere egiteko moldeak salatzea.

«Mendekua bilatzeko» jendarmeak igortzearekin ez dituztela «kikilduko» adierazi zuten. Bide batez, orokorrean Estatu frantsesak borroka sindikalaren aurka daraman «errepresio politika» salatu zuten.