ANARTZ BILBAO

Euskal Herriko Gazte Orkestra, musikari guztiak batera eta ondo jotzeko sokak tenkatzen

Eibarren batu eta jo eta su lanean dabil egunotan Euskal Herriko Gazte Orkestra. Arrabita, biola, txelo eta kontrabaxu jotzaile, berrogei musikari gazte dira bertan; orkestraren soka sekzioa. Datorren astean oholtza gainean izango dira, Williamsen «Fantasia Tallis» eta Txaikovskiren hari serenata jotzen.

Gipuzkoak Bizkaiarekin muga egiten duen tokian, Eibar eta Ermua lotzen dituen errepidearen hasieran dagoen hezkuntza esparrua (Laboral zaharra) du elkargune egunotan Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO). Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arteko topaketak, negukoak, bertan burutuko dituzte-eta. Topaketak EAEko hiriburuetan kontzertu bana joz bukatuko dira. R. V. Williams konpositore britainiarraren «Fantasia Tallis» eta Txaikovskiren hari serenata obrek osatzen dute «alde birtuosoa, intimoa, leuna eta arranditsua nahasten dituen programa».

1997an Jaurlaritzako Kultura Sailak eratutako orkestra «Euskal Herriko musikari gazteen artean kalitateko orkestra bat bultzatzeko egindako apustua da», Kutxabankek sustatua. «Orkestrak bikaintasuna du xede, eta, horretarako, ehunka musikari gazteri profesionalak izateko behar duten orkestra trebakuntza hartzeko aukera ematen die», arduradunen berbetan -16 urtetan 1.500 musikaritik gora hartu du parte orkestraren topaketetan-.

EGOk urteko bi sasoitan metatzen du bere lana, udako eta neguko oporraldietan. Eta egun 34. lan-topaketetan murgildua da; talentu handiko lau solisten parte hartzea eta programa berritzailea izatea du berrikuntza.

Programa dela-eta, berrogei dira lanean dabiltzan musikari gazteak (neska gehiago dira mutilak baino); arrabitek, biolek, biolontxeloek eta kontrabaxuek osatutako orkestraren soka sekzioa. Gazteenak 17 urte ditu, eta, zaharrenak, 24 baino ez; horra EGOren mugak. Gehienak Euskal Herrikoak dira, baina gure mugetatik 200 kilometrora zabalik da orkestra, eta espainiarren bat ere bada musikarien artean. Beraietako batzuek aitortu digutenez, lagun giroa da nagusi etorkizunean musikatik bizitzeko asmoa duten gazteen artean.

Eibarko topaketetan, taldekako lana izan zuten atzo musikariek. Bigarren arrabita eta biolak, Irene Etxebesteren gidaritzapean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide, irundarra EGOko ikasle izana da, orkestra sortu berritan. Alboko gelan, lehenengo arrabita eta biola jotzaileak Catalin Bucataruren keinuei adi dira, motelago edo sutsuago noiz jo agertzen die-eta. Errumaniarrak 2001. urtetik eskolak ematen ditu Musikenen.

Musikariek entsegua aurrera daramaten bitartean kazetariak hara eta hona gabiltza, baina inork ez du arretarik galdu. Ezta haietako birekin berba egiteko txanda hartu dugunean ere. Maria Rallo Muguruza eta Mikel Urdangarin dira, zuzenekoetan bakarlari legez joko dutela-eta -Lourdes Alonso (arrabita) eta Jorge Alvarez (biolontxeloa) musikariekin batera laukotean-, nabarmendu diren gazteak.

Urdangarin, 21 urteko gaztea izanda ere, eskarmentu handiko musikaria da jada EGOn; «laugarren urtea dut -azkena- eta denbora honetan kasik topaketa guztietan izan naiz». Andoaindar arrabita jotzaileak 7 urte zituela hasi zituen biolin ikasketak, «ez dakit zergatik. Musika-tresna guztiak ikustera joan eta deigarria egin zitzaidan, soinuagatik-edo». Egun goi mailako musika ikasketak egiten dihardu Iruñean -laugarren mailan dago-, eta musikatik bizi nahiko luke, «biolina ogibide izan eta orkestraren batean jo, berdin da non». Orain gutxi Nafarroako Orkestra Sinfonikoan praktikak egin eta kontzertu batean jotzeko aukera izan du. EGOko topaketak direla-eta, orkestrak maila ona duela begitantzeaz aparte, «musikalki hezteaz eta hazteaz gain oso giro ona dugu gure artean», azpimarratu digu.

Bere aldetik, Rallok bi urtetan lau topaketetan hartu du parte, eta jada musikariek elkar ezagutzen dutela dio. Biola dela-eta, «egia esateko biolina jotzen hasi nintzen -aitortu digu-. 7 urte inguru izango nituen eta ez nekien biola existitzen zenik ere. Harik eta biola entzun, soinuz grabeagoa, beroagoa iruditu, eta harrapatu ninduen arte». Hondarribiarrak 17 urte baino ez ditu eta jada Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin jarduteko aukera ere izan du. Egun goi mailako ikasketak burutzeko sarrera prestatzen ari da. «Orkestra on batean jo eta gustukoen dudana egiteko ilusioa dut», azaldu digu Rallok. Eta aukeratzeko aukera emanda, «berdin da non» adierazi ondoren Berlin eta Viena aipatu dizkigu.

Berrogei musikariek Juanjo Ocon EGOko zuzendari artistikoaren batutapean joko dutela-eta, maisuarengana ere jo dugu. «Funtzionamendu berezia dugu», onartu digu zuzendariak, orkestraren ezaugarriak ahotan hartuta. 86 laguneko taldeak osatzen du EGO, «eta urtero %33 inguru berritzen da, 30 musikari berrirekin».

Tronpeta taldeak, esaterako, musikari berri bat izaten du, eta harpak, bakarra denez, entzunaldia urtero. Biolinak, ordea, 30 direnez, hiruzpalau urte egon daitezke orkestran. «Aste Santu partean frogak egiten ditugu eta musikari bakoitzak bakarka jo behar du hamar minutu inguru hautatua izan baino lehen». Guztia musikari gazteek orkestra trebakuntza izan dezaten; «oso pausu garrantzitsua».

EGOko musikariak etxean partiturak jotzen ikasita agertu dira Eibarrera. Eta behin taldekako lanak bukatuta, ondorengo egunetan -gaur hasita- Oconekin batuko dira. «Orkestra guztia nirekin ariko da hiru egunez kontzertuak prestatzeko», azaldu du. Izan ere, musikari finak izanagatik taldean jotzea izaten dute gazteek zailena, eta, Oconek onartzen duenez, «profesionalek, elkarrekin jotzeko ohitura dutenez, jarioa errazago lortzen duten bitartean, guri nekeza egiten zaigu talde lana ulertzea. Orkestra batean jotzea ez da etxean jotzea, eta publikoaren aurrean guztiok batera jotzeko prest izatea dugu xedea. Erronka interesgarria, inondik ere!».

Zuzendariaren uste berekoak dira Rallo eta Urdangarin ere. Biola jotzailearen esanetan, «mila konturi adi egon beharra duzu hemen; bateratzeak du zailtasuna». Ildo beretik, «talde soinua ateratzeko, arreta jarri beharra duzu», onartzen du Urdangarinek. Etxean bakarkako lan saio luzeak egitera ohituta diren arren, talde sena lortze aldera Eibarko topaketetan egunero zortzi orduko saioak burutzen dituzte, lau goizez eta beste horrenbeste arratsaldez; «eta denok ez dugu horrenbeste denbora kontzentratuta egoteko ohitura; gogorra da».

«Maila oneko» gazte orkestran bakarlari izateko hautatu dituztela-eta, pozik dira biak. «Paper garrantzitsua jokatzen duzu eta ardura da» Urdangarinentzat; «harrotasunez» hartu du erronka Rallok. Txaikovskren hari serenata baino lehen (ordu erdi ingurukoa), «Fantasia Tallis», hamabost minutu inguruko obra joko dute lau bakarlariek. Programaz itaunduta, «kontraste handiko bi lanek osatua da», erantzun digu biola jotzaileak. Arrabita jotzaileak, bere aldetik, lehen obra «oso gozagarria» dela dio, eta oso gustuko duen konposatzailearena bigarrena. Musika tresnak bikain jotzera ohituago, Urdangarin eta Rallo gainezka ziren atzo, horrenbeste elkarrizketa zirela-eta.

Ondoko kantxetan Euskadiko saskibaloi selekzioko kadeteak, neskak eta mutilak, entrenatzen ari ziren bitartean; ikastetxeko antzokian txelo eta kontrabaxuak ziren atzo lanean -orkestraren soka sekzioko hirugarren taldea-. Izan ere, EGOk Eibarren azpiegitura aproposa aurkitu du. Urtarrileko hiru zuzenekoak baino lehen, bertan egingo dute entsegu orokor irekia, hilaren 30ean.

Txaikovskiren hari serenata eta Williamsen «Fantasia Tallis»

Oholtza gainean, ordu bete eskaseko jarduna burutuko du Euskal Herriko Gazte Orkestrako soka sekzioak, Juanjo Oconen gidaritzapean. Programa bi lanez osatua dago, eta Txaikovskiren (1840-1893) hari serenata ospetsuak itxiko du. «Musikari guztiek miresten duten obra da, eta desiratzen dira berau jotzeko», dio zuzendariak. Antza, errusiarrak Amadeus Mozart itzaltsua imitatzeko egindako lana da aipatutako serenata, EGO berak prentsa oharrean agertzen duenez: «Nazioarteko musika panoramako obra erromantikorik onenetako bat eta munduko ganbera orkestra nagusien obrarik kutunena».

Saioa R. V. Williams (1872-1958) konpositore britainiarra ospetsu bihurtu zuen «Fantasia Tallis» konplexuak irekiko du, bi hari-orkestrarentzako eta lau bakarlarirentzako egina -Lordes Alonso eta Mikel Urdangarin (arrabita), Maria Rallo Muguruza (biola) eta Jorge Alvarez (biolontxeloa)-. Efektu antifonalak eta oihartzuna dituen konposaketak giro musika dirudi eta «Master and Comander» filmeko soinu banda izateko aukeratu zuten. Goibeltzat jo du pieza Ocon zuzendariak. Zuzeneko emanaldia, beraz, erronka polita da Euskal Herriko Gazte Orkestrarentzako. Alde batetik, lan «leuna eta birtuosoa» aurkeztuko digu, eta, bestetik, «erromantikoa, gogorra eta oldarkorra». A.B.