Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Munro helburu (I)

Urtea amaitu baino lehen Alice Munroren ipuin bilduma guztiak irakurtzea erabaki du lagun batek. Hala esan zidan aurreko astean, baita ez duela amore emango egitasmoa bete arte. Ez dakit zerk bultzatu zuen azken esaldi hori gaineratzera; akaso pentsatuko zuen ez nituela bere hitzak serio hartuko, edo egitasmo hutsaltzat joko nuela besterik gabe. «Literaturako Nobel saria jaso duenez aurten eta ezer gutxi irakurri diodanez berarekin zorretan nengoela iruditzen zitzaidan». Zer esan nezakeen nik? Hunkigarria iruditu zitzaidan lagunaren aitorpena, batetik Munro idazle ezin hobea iruditzen zaidalako, eta, bestetik, gutxitan (inoiz ez, egia esateko) entzun dudalako inor literatura irakurtzea urte amaierako egitasmo bihurtzen.

Kontua zera da, Munroren azken bilduma erosteko zuela eta herriko liburu dendara lagunduko nion galdetu zidala. Liburu denda independentea da hau; lonja txiki batean zegoen hasieran, baina orain dela bi urte jabeak etxe zaharkitu bat erosi, berritu eta bertan kokaturik dago orain. Liburu zale ororen ametsezko liburu denda da hau. Kalitatezko literatura aurki daiteke bertan, irakurtzeko besaulki erosoak dauzka liburu denda osatzen duten hiru solairuetan, eta jabeak jakin badaki literaturaz, apaletan aurki daitezkeen liburuak irakurriak dituelako. Halako eskaintza bati ezin nion ezetzik esan, eta halaxe joan ginen biok, Munroren azkenaren ehizan bera, ezezagunaren bila neu. Lagunak ez zuen denbora askorik behar izan bere bitxi preziatua topatzeko. Nik, berriz, minutu batzuk pasa nituen apaletik apalera eta mahaitik mahaira, Louise Erdrichen azkena begiz jo nuen arte.