GARA BILBO

Zenbat Gara elkarteak 353 ekitaldi antolatu ditu 2013an Bilboko Kafe Antzokian

Euskararen ikaskuntza, erabilera eta sustapena oinarri, ekitaldi ugari antolatu ditu Zenbat Gara elkarteak 2013an eta bide beretik jarraituko du 2014an. Bilboko Kafe Antzokia egokitu izana oso positibotzat jo du.

Zenbat Gara elkarteak ezagutzera eman duenez, 2013an zehar 353 ekitaldi antolatu ditu Bilboko Kafe Antzokian. Ekitaldiak askotarikoak izan dira: kontzertuak, hitzaldiak, liburu eta disko aurkezpenak, prentsaurrekoak, irakurraldiak, erakusketak, antzerki emanaldiak, film proiekzioak, bilkura eta mintegiak, bertso saio eta bazkariak, mahai inguruak, ekitaldi pribatuak, ospakizunak, talde otorduak... Horrez gain, noski, ezin alboratu gau giroa eta kanpoko artistek emandako kontzertuak.

«Denoi eragin digun testuinguru ekonomikoa gorabehera, gogoz eta irudimenez beteriko hainbat ekimen aurrera eraman dira gurean», nabarmendu du Zenbat Gara elkarteak. Antzokiko goiko aretoa egokitu eta kluba zabaldu da. Horrez gain, ekitaldi pribatuak, bilkurak, talde bazkariak eta bestelako jarduera asko ere antolatu dira aurten Kafe Antzokian.

Ohi bezala, euskaldunentzako eta euskara ikasten ari direnentzako ekitaldi interesgarriek lehentasunezko tokia izan dute aurten ere. Hala, euskal taldeen kontzertuak, ikasleek beraiek egindako antzezpenak, azokak, jai tematikoak eta bestelako ekimenak izan dira, besteak beste, zine txokoa eta idazlearen txokoa, iaz abiarazitako dantza kantagunea edota truke azoka. Ezin ahaztu ere jada ohiko bilakatutako hileroko kantagintza eta euskal dantza saio irekiak, Lagun Artean Kantari eta Urbeltzen Dantza Ganbara.

Haurrei dagokienez, ikasturte osoan Kafe Antzokiko musika eskola eta arte eszenikoen eskola martxan izan dira, Kurkuluxetan elkartearen eskutik. Haur eta gazte musika eta antzerki topaketak ere izan dira udaberrian.