IKUSMIRA
IKUSMIRA

Pobrezia munduko herrialderik aberatsenean

Berrogeita hamar urte joan dira Lyndon B. Johnson sasoiko presidente estatubatuarrak pobreziaren aurkako gerra irabazi arte ez luketela atsedenik hartu behar esan zuenetik. Diskurtso ospetsu hartatik berrogei urte igarota, ordea, badirudi atseden hartu dutela, AEBetako pobrezia tasak behera egin badu ere, oraindik %16koa da-eta. Pobrezia erauzteko helburu hartatik urrun samar daude, beraz. Baina Johnsonen diskurtso haren urteurrenean, herrialde hartako politikariak, bai demokratak bai errepublikanoak, pobreziaren aurkako gerra hartaz gogoratu dira eta pobreziaren aurkako borrokari lekua egin diote lehia politikoan. Obama presidenteak zenbait neurri iragarri berri ditu, hala nola enplegua sortzea, segurtasun ekonomikoa areagotzea, etxebizitza eta hezkuntza. Errepublikanoek ere beren proposamenak mahai gaineratu dituzte, ikuspuntu guztiz desberdinetik baina; esaterako, ezkontza eta mugikortasun ekonomikoa aldarrikatzen dituzte. Beharbada, Johnsonen diskurtsoaren urteurrenak baino hobeto azaroko hauteskundeek azaltzen dute pobreziaren aurkako sukar hori. Munduko herrialderik aberatsenean, 50 milioi lagun pobrezia-atalasearen azpitik bizi dira, horietatik 13 milioitik gora, haurrak. Alegia, bost haur estatubatuarretik bat pobrezia egoeran bizi da. Eta pobreziaren kausak nekez erauziko dituzte eragiten dituen sistema ukitu ere egin gabe.