IKUSMIRA
IKUSMIRA

Euskal presoen, senideen eta konponbidearen aurkako erasoen zantzuak eta frogak

Sobera jakina da Madrilgo eta Parisko espetxe politikak euskal presoen eskubideak ez ezik, haien senideenak ere urratzen dituela. Eta bidegabekeriaren mukuruan, senideei ere ezarritako zigorra ez dute nahikoa, nonbait. Auzitegi Nazionalak agindutako azken operazioak agerian utzi duenez, presoen senideak Estatuaren makineria errepresiboaren jomugan jarri dituzte. Aspaldi ekin zioten haiek kriminalizatzeari, eta oraintsu harago joateko asmoaren zantzuak itzuri zaizkie. Horregatik eskatu dute presoen senideek eragileen babesa, zalantzarik gabe merezi duten babesa.

Presoak eta haien ingurukoak zigortzeko grina hori argi asko agertzen du azken atxilotuak kartzelatzeko agindu zuen epailearen autoak. Jon Enparantzari aurkitu zioten tren txartela Estatu espainoletik ateratzeko debekua desobeditu zuen «froga» gisa atxiki zuen epaileak, akusatuak ihes egin dezan arriskua dagoela argudiatzeko. Tren txartel hori, ordea, Auzitegi Nazionalak berak baimendutako bidaia baten froga baino ez da. Edo, hobeto esanda, beste zerbait ere frogatzen du, Euskal Herrian konponbidearen alde dihardutenak kartzelatzeko eta, beraz, konponbidea eragozteko, edozein arinkeriak balio duela.