GARA DONOSTIA

Dantzaren profesionalak biltzeko gunea martxan jarri du Bizkaiak

DantzaBiz Bizkaiko Dantza Etxea arloko profesionalak elkartzeko lekua izango da hemendik aurrera. Bizkaian lantzen diren dantza modalitate guztiak sustatzea du helburutzat. Gipuzkoan Donostian kokatutako Dantzagunearen eredu berdinari jarraituko dio egitasmo honek.

Bizkaiko Aldundiak DantzaBiz Bizkaiko Dantza Etxea aurkeztu zuen atzo, dantzaren profesionalen topagune fisikoa izateko xedea duen foroa. Horrela, lurraldeko dantza modalitate guztiak sustatu nahi dituzte.

Josune Ariztondo Kultura diputatuak aurkezpenean azpimarratu zuen ekimenaren helburua dela profesional desberdinen arteko lankidetza eta harremana sustatzea. Horrela, koreografoek, attrezzoaz arduratzen direnek, teknikariek, dantzariek eta ikasleek elkar ezagutuko dute.

Dantza ikasketak ere areagotuko direla uste du Ariztondok, topagune honek bildu eta osatu egingo duelako Bizkaian arlo honetan dagoen eskaintza; hala nola ikastaro intentsiboak, teorikoak eta dibulgazio tailerrak eta dantza arloko formazioa ematera bideratutako beste hainbat ekintza izango dira bertan. Parte hartzaileek ikasitakoa praktikan jarri ahal izango dute eta beste dantzari batzuekin ezagutzak trukatu.

Dantza klasikoa, tradizionala eta garaikidea lantzen duten profesionalek ahalik eta baldintza hoberenetan lan egitea eta euren sorkuntza garatzea ere ahalbidetuko du.

EAEko bigarren Dantza Etxea

DantzaBizen egoitza Bilboko Luis Briñas kaleko 31. zenbakian dago, eta zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 10.00etatik 14.00etara. Bertatik dantza ekintza guztiak koordinatu eta ezagutzera emango ditu. Horretarako, eskola desberdinekin jarriko da harremanetan. Orain arte Facebook bidez iragarri dutenez, La Veronal konpainiako kideek sorkuntza prozesu eta adierazpen koreografikoei buruzko ikastaroa eskainiko dute; Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak soka-dantza ikastaroa; eta Aiko taldeko Patxi Labordak eta Sabin Bikandik dantza mugimenduaren pedagogiari buruzkoa.

DantzaBiz EAEko bigarren Dantza Etxea da, lehenengoa Gipuzkoako Dantzagunea baita. 2004ko Kulturaren Euskal Planak aurreikusten zuen Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Dantza Etxe bana sortzeko aukera aztertzeko asmoa. Handik urte batzuetara, 2009an zabaldu zituen ateak Dantzaguneak, Donostiako Txomin-Enea auzoko Arteleku eraikinean. Dantzaguneko konpainia egoiliarra Dantzaz konpainia da, dantzari profesionalei lehen enplegua lortzen laguntzen dien plataforma. Dantzaguneak Sortutakoak egonaldi programa ere antolatzen du, lan batzuk hautatuz, lurraldeko dantza sorkuntza sustatzeko eta dantzaren testuingurua dinamizatzeko helburuarekin.