GARA GASTEIZ

Eskutik Eskura erabakitze eskubidearen aldeko konplizitateak josten hasi da

Ekainaren 8an Iruñetik Durangora arte giza katea osatu bitartean, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak ugaltzen ari dira auzoz auzo eta herriz herri, Gure Esku Dago dinamikaren baitan. Horren adibide izan ziren atzo Errenteria eta Gasteiz.

Arabako hiriburuan 260 lagun elkartu ziren Villasuso jauregian, herritarrak parte hartzera animatu eta egitasmo berri bat aurkezteko: Eskutik Eskura. «Eskutik eskura ibili behar dira erabakitzeko eskubidea gauzatzearen beharra, egokitasuna, zilegitasuna eta aukerak argitzen dituzten argudioak», azaldu zuten. «Eskutik eskura sentiarazi behar dugu herritarron parte hartzearen eta aktibazioaren beharra eta garrantzia. Eskutik eskura adierazi behar dugu elkarlanaren eta auzolanaren premia eta eraginkortasuna». Horretarako, apirilaren 5era arte, ehunka ekimen hasiko dituzte «Hego Euskal Herriko ahalik eta herri eta auzo gehienetan», milaka eta milaka lagunen inplikazioa bilatuz.

Agertu zutenez, hamar astez eta 80 egunez «Euskal Herriaren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea gauzatzeko arrazoi ugari eta borondate sendoa dagoela haizeratzea» dute xede. Hiri, auzo zein herrietan konplizitate eta konpromisoak eskutik eskura jostea.

Bizkaian ere abian

Dagoeneko zehaztu zituzten Eskutik Eskura egitasmoaren barrenean Bizkaian egingo dituzten ekintza batzuk: Mungian mosaiko bat osatuko dute datorren larunbatean; Bakion mendi irteera antolatu dute Uribe Butroiko mosaikoa marrazteko; Bilboko Indautxu auzoan futbito txapelketa eta giza katea egingo dituzte; Gernikan argazki erraldoia aterako dute kirolariekin; Lemoan jaialdi bat ospatuko dute; Abadiñon postu bat jarriko dute sanblasetan; Muskizen flashmob-a eta poteoa izango dituzte; martxoaren 22an Ezkerraldean ekitaldi bateratua egingo dute...

Araban ere Oiondik Aramaiora eta Laudiotik Agurainera, kolore guztietako herritar sarea zabaldu nahi dutela adierazi zuten. Momentuz, Gasteizen, Aiaran eta Gorbeialdean osatu dituzte lehenengo batzordeak. Durango eta Iruñea lotuko dituen 123 kilometroko giza katean, 71. kilometrotik 82. kilometrora arteko tartea izango dute arabarrek. «Etxarri eta Arbizu artean egingo dugu bat giza katearekin», jakinarazi zuten.

Bestalde, Errenterian 80 bat norbanakok agerraldia egin zuten atzo Gure Esku Dagok deituta. Bideo eta hitzaldiz osatutako ekitaldiaren ondotik, manifestua sinatu eta argazkia atera zuten, eta hamaiketako batekin eman zioten amaiera ekitaldiari. Herriko sektore eta eremu ugaritako lagunek azaldu zuten atxikimendua, besteak beste, honako hauek: Txomin Perurena, Jesus Mari Zamora, Jose Luis Erkizia Baserri, Ainara Lasa, Luis Mari Ezeiza, Ritxar Maritxalar, Mikel Markez, Jone Arruti, Xabier Obeso, Iñaki Sors eta Kukaiko dantzariak. Iragarri zutenez, otsaileko aurreneko astean egunero ekimen bat egingo dute, tartean «Gazta zati bat» filmaren emanaldia egileekin, bazkaria eta kontzertuak.