Lehenengo aldiaren irrika, Amara eta Gros auzoetan

Elkarte batek aurrenekoz bere konpainia propioa abian jartzen duen eguna ez da sekula ahazten. Aurretik nerbioak, prestakuntza eta koordinazio lan handia eta hamaika gestio buruan. Ezerk hutsik egin ez dezan, egun handia baita San Sebastian eguna. Handiena, donostiarrentzat.

Urtero-urtero aktiboki parte hartzen duen jende kopurua handituz doa, eta asko dira danborrada bakarrean ez, baizik eta bi edo hirutan parte hartzen duten pertsonak. Mendekotasuna sortuko balu bezala. Askorengan sortzen du. Ez da esajerazioa.

Aurten estreinakoz aterako diren elkarteak hiru dira. Amarako Irauli futbol eta saskibaloi elkartea, Morlanstarrak auzo elkartea eta Gros auzoko Centro Burgales Castellano Leones deritzon elkartea.

Futbolera jokatzeko adinik ez duela aitortzen du barre artean Jon Lasa Irauli elkarteko kideak. «Danborra jotzeko, ordea, bai», eransten du. Jokalari gazteek, gehienbat 22 eta 26 urte bitartekoek, izan zuten ideia, garagardoz lagundutako elkarrizketa batean. Amara Osinagako Anoeta tabernan bildu ohi dira egunerokoan.

Futbolak eta saskibaloiak elkartzen ditu, eta horrekin bizitza ematen diote auzoari. Orain, 80 kidez osatutako talde berri honekin giroa erantsi nahi diote Amara auzoko inguru honi.

Askorentzat biharkoa ez da lehenengo aldia izango, beste konpainia batzuetan ere parte hartzen dutelako. Hala ere, entseguetatik ez da inor libratu. Hamar inguru egin dituzte, eta dagoeneko abesti guztiak kontrolpean dituztela adierazi du Lasak.

Egunari begira jai giroa izango dute nagusi, eta gehienek bazkari batekin borobilduko dute. Iraulirekin, 15 izango dira aurten Amara eta Loiolako Erriberetan aterako diren danborradak. Lasaren azken deia bizilagun eta gainerako herritarrentzat da, kalera jaitsi eta auzora gerturatzeko, haiekin jaia ospatzera.

Hazia, auzo elkartea

Morlanstarrentzat ere hasi da atzera kontaketa. Jantziak fabrikatik atera berriak, distiratsu dituzte, prest. Baita barrilak eta danborrak ere. Makilak ere ezpalik gabeak, leunak.

Donostiako auzo honek atera duen konpainia berriak sortu berri den bizilagun elkartean du jatorria. Orain hilabete batzuk Morlans zaharreko eta Morlans berriko Mikel Sanchez eta Mikel Etxebeste bizilagunak elkartu ziren, hurrenez hurren, bizileku duten horri bizitza emateko asmoz, ekintzez bete eta bizilagunen arteko harremanak sustatzeko; izan ere, auzoa izugarri handitu da azken bi urteotan, babes ofizialeko etxebizitzak eraiki eta familia berriak heldu zirenetik, batez ere jende gaztea, gauzak egiteko gogoa dutenak.

Auzo elkartea sortu zutenetik hainbat ekimen egin dituzte, santotomasak tarteko, baina agendan zituzten, iaztik, sansebastianak, Etxebestek GARAri kontatu dionez. «Bakoitzak bere jantzia eta materiala ordaindu du. Bilaketa duela urtebete hasi zen ia, enpresa ezberdinak kontsultatu, salneurriak alderatu eta informazio guztia auzo elkartean partekatu, denen artean erabakitzeko», azaltzen du.

Giroa «polita» dela azpimarratzen du eta «jende gaztea ilusio handiarekin» dagoela abiarazi duten ekimen sortarekin.

Grosen, 21 konpainia

Amaratik Grosera jauzi egiteko ordua da, Centro Burgales Castellano Leones deritzonak aterako duen konpainiaz mintzatzeko. Iazko danborrada amaitu eta hilabetera, otsailean, jarri ziren lanean, asmoa zena aurten posible izan zedin.

Iragandako urrian jaso zuten auzoko Danborrada Batzordearen oniritzia, eta horrenbestez, Grosek bazuen 21. taldea.

Bazkideek eta hauen gertukoek hasieratik jarrera ezin hobea agertu zuten, eta aurreikuspenak bete ziren. Hasiberriak direnez, entseguak azaroaren 6an hasi ziren, eta lokalean egindako horietaz gain, beste bi desfilatzen egin dituzte.

Hiru dira danborrada berriak, baina DYA aurten aterako ez denez, orotara iazko edizioan baino bi konpainia gehiago egongo dira. Orotara 127, hiriko zazpi auzo tarrapataz betetzeko.

Irteera orduak

IRAULI F.K.

Amara Osinagako Eibar plazatik abiatuko dira, 12.15ean. Isabel II.a, Baleazaleen kalea eta Olaeta kalea (Ferrerias) zeharkatu ostean, besteak beste, ibilbideari amaiera emango diote 15.00etan, Felipe IV.ean.

MORLANSTARRAK

Morlans zaharretik abiatuko dira 65 kideak, 17.00etan. Besteak beste, Errondo pasealekua, Jose Maria Salaberria eta Pio XII.aren plaza zeharkatu ondoren, 20.00etan amaituko dute ibilbidea, Morlans berriko Leire plazan.

CENTRO BURGALES

Bazkideak Gros auzoko Berminghan kaletik abiatuko dira, 14.40ean. Ibilbidea puntu berean amaituko dute. Tartean, Zabaleta, Kolon pasealekua eta Trueba kaleak zeharkatuko dituzte, besteak beste.