Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Gonzalezen itzalpean aldakuntzarik ez

Ustelkeria, eta oro har, politikaren zikintzea, egin zen trantsizioaren ondorioak dira. Erregimena ezin da ulertu ustelkeria eta oinarrien gainbehera aintzat hartu gabe. Eta Gonzalezek hori dena ordezkatzen du

Nor eta Gonzalez ekarri du Patxi Lopezek bere promozio ekitaldirako. Beste batzuk ere gonbidatu ditu, baina GALen garaietako liderra baino gonbidatu makurragorik irudikatzea zaila da berrikuntzaz hitz egiten delarik. Beraiek jakinen dute, baina PSOEren aro berriaren gidaria Putxe(razo) Lopez baldin bada, ederki gaude! Eta are makurrago Gonzalezen eskutik etorriz gero. Felipe Gonzalezek ez du soilik GALen garai iluna ordezkatzen. Benetako demokraziaren itxaropena zapuztu zuen trantsizioaren ikurra ere bada. Areago, frankismoaren kontrako borrokan batere protagonismorik izan ez eta, bat-batean, mirakuluz, antifrankismoaren eragile gisa aurkeztu zuten alderdi zahar-berriaren burua dugu. Ez dakit berak Suresnes ahantzi ote duen, baina orduko eta ondotiko saldukeriak ez dira nolanahikoak; tresna bat behar zuten erreforma diseinatu zutenek eta Gonzalez eta Guerrari esker aurkitu zuten.

Operazio petral hura ez zen saririk gabe pasatu. Gobernura iristeko oztopoak desagertu ziren, eta bidea errazteko, UCD leherrarazi zuten. Hala bilakatu zen gobernuburu Gonzalez, jende askoren aldaketa asmoak ordezkatu nahi zituela aldarrikatuz aldaketarako ateak ixten zituen bitartean. NATOn sartzerik ezetz hasieran, NATOn atzeko atetik sartu, gero, erreferenduma egin eta euskal nahiz katalan herriek esandakoari batere kasurik ez. Demokraziaren ikurra hartu nahi zuten soziata berriek ez zuten demokraziarekiko lotura handirik behar.

Haiei -eta beste batzuei- esker, bizitza osoko demokrata esnatu ziren betiko frankistak. Trantsizioak kriminalak zigorrik gabe uztea ez zuen aski izan, eta agintean eta indarrean gorde zituen. Bide horretatik, Guardia Zibila deskubritu zuten, erarik itsusienean egin ere, Rodriguez Galindo eta antzekoak goraipatu, bultzatu eta babestu zituzten eta!

Astakeriak egin behar ziren Franco hil ondoko estatuan, ekonomia eliteen interesen arabera berbideratzeko, langile eta jende xumeari astindu ederra emanaz eta hori ere gogotik egin zuten Felipe Gonzalezen gobernuek.

Espainiar askoren aurrean, berriz, gauza hauek ez omen ziren aski izan. Gonzalezek zilegitasuna galdu zuen ustelkeria aferak lehertuta, oposizioak maila guzietako zikinkeriak argitaratu ondotik. Izugarrizko alfonbra eraiki zioten Aznarri, «faena» garatzen jarraitzeko baldintzak ezarriz.

Gobernua utzita, mugatu beharrean ugaldu zaizkio Felipe Gonzalezi sariak. Lehena, inpunitatea. Egin zuena eginik ere, lasai asko paseatu da munduan barna aholkuak ematen. Aholkuak garesti saltzen, zehazki: asko gustatzen baitzaio Gonzalezi dirua.

Halako tipoa ekarri du Putxe Lopezek, haren itzalean jartzeko, haren labankadak baztertzeko, baimena eskatzeko, zerbait eskaintzeko, edo...

Ustelkeria eta, oro har, politikaren zikintzea, egin zen trantsizioaren ondorioak dira. Erregimena ezin da ulertu ustelkeria eta oinarrien gainbehera aintzat hartu gabe. Eta Gonzalezek hori dena ordezkatzen du. Bere eskutik ezin da aldakuntzarik etorri. Gonzalezekin, aldaketa lortze aldera, egin daitekeen bakarra, ikertzea, atxilotzea eta preso sartzea da. Eta ez dut uste hori errazteko ekarriko zuela Putxe Lopezek, ezta?